Lazkaon larunbatean irekiko dituzte kanpoko igerilekuak
Hiru hilabeteko denboraldia izango da, ekainaren 8tik irailaren 8ra arte. Haurren triatloi lehiaketa jokatuko da, irekiera ospatzeko.
Larunbat honetan, ekainak 8, irekiko dituzte Lazkaon kiroldegiaren gainaldean dauden kanpoko igerilekuak. Udako bainu denboraldia ekainaren 8an hasiko da, eta irailaren 8ra arte, hiru hilabetean egunero egongo dira zabalik. Ohiko ordutegia 11:00etatik 20:30era edukiko duen arren, ekainaren 10etik 14rako astean eta 17an eta 18an 14:30ean zabalduko dute.
Dagoeneko prest daude bi igerilekuak, mantentze eta doitze lanak eginda. Etzateko hamaka berriak erosi ditu udalak. Berrikuntza modura, erabiltzaileek beren aulkiak, hamakak eta eguzkitakoak bertan utzi ahalko dituzte, gordetzeko leku bat atondu baitute. Ikusteko dago oraindik taberna zerbitzua izango den, udalak deitutako esleipen lehiaketa-deialdia hutsik geratu baitzen.
Bazkide izateko kanpaina ere hasita dago, kiroldegiko harreran. Hiru hilabeterako balioko du kanpoko igerilekurako bazkidetzak. Helduarena (61,36 euro), gaztearena (30,50), jubilatuarena (45,96), familiakoa (89,55) edo jubilatu familiakoa (67,01) daude aukeran.
Horrez gain, 10 sarrerako bonuak ere badaude, 18 urtez behekoena 21,10 euroan edo helduarena 39,33an. Eguneko sarrera arruntak 5,70 euro balio du, eta haurrenak 3,03.
Haurren triatloia, hasteko
Kanpoko igerilekuen irekierarako ohitura bihurtu den bezala, larunbaterako VIII. Eskolarteko Antzar Triatloia antolatu du Tri-Antzar Lazkao klubak. 11:30ean hasiko da, kiroldegian.
Lau karrera izango dira. Aurre-benjaminek (2016-17an jaioak) erakustaldikoa izango dute, ez lehiakorra. Ondoren, benjaminak (2014-15), alebinak (2012-13) eta infantilak (2010-11) ariko dira. Distantzia desberdinak osatu beharko dituzte korrika, bizikletan eta igerian.