Alex Aranburuk Movistar utziko du urte amaieran
Arkea talde frantsesera joango da denboraldi berrian ezkiotarra. Hirugarren denboraldia du Movistarren, 2022an fitxatu zutenaz geroztik.
Hainbat komunikabidek azken orduetan argitaratu dutenaren arabera, Alex Aranburu txirrindulari ezkiotarrak Movistar taldea utziko luke urte amaieran, Arkea-B&B Hotels talde frantsesarekin fitxatzeko.
Aranburuk hirugarren denboraldia du Movistarren, 2022an taldera batu eta gero. Aurretik bi urte egin zituen Astana Qazaqstan Team-en. Iturri berdinek adierazi dutenez, Aranburuk hiru urterako kontratua sinatua du talde frantsesarekin.
Aranburuk hainbat lorpen izan ditu dagoeneko aurten. Hirugarren egin du Castellongo sari Nagusian, Calviako Txapelketan laugarren, Euskadiko Itzulian erregulartasunaren saria eskuratu zuen sailkapen orokorrean eta bigarren postuan amaitu zuen Frankfurteko Sari Nagusia.
Egiaz, Movistar taldea ez da unerik gozoena bizitzen ari. Aranburu izan da UCI sailkapenerako puntu gehien batu dituen Movistarreko txirrindularia, —1.584 zehazki—, baina horrek ez du talde espainiarra World Tourrean jaisterako postuetatik urruntzea salbuesten.