Gaintzan San Joan su ekitaldi berezia ari dira prestatzen herritarrak
Suari emango diote protagonismoa, dantzaz eta musikaz uztartuta, Kale Txiki hasieratik plazaraino su sortekin bidea markatuta.
Ekainean sartuta, hasita daude San Joan suak antolatzeko lanak. Gaintzan, bai behintzat.
Ekainaren 23an, udako solstizioa ospatzeko festa berezia izango da aurten Gaintzan. San Joan bezperako suaren ekitaldia ezohiko osagaiekin jantziko dute. Herritar talde bat ari da prestatzen. Sua izango da oinarria, ohitura mantenduz. Baina musika eta dantza uztartuko dizkiote ikuskizunari.
Herritarrek antolatua da, eta herritarrek garatuko dute. «Batez ere, herritarren parte hartzean oinarritu nahi dugu, su gainetik salto egitearen usadioa indartuta, hain zuzen ere», aurreratu dute antolatzaileek.
Ekainaren 23an, igandearekin, ilunabarrean hasiko da ekitaldia.
Suarekin bidea markatuta
Errementari Berritik datorren bidearen amaieratik hasi eta plazaraino su txikiak piztuko dituzte. Hau da, Kale Txikiko intxaur ondotik plazan piztuko duten su-meta nagusiraino sei edo zortzi su sorta txiki egingo dituzte, bidea adierazteko. Herritarrek guztiek ibilbide horretan joan-etorria egingo dute.
Herriko dantzari talde bat aterako da ondoren bide horretara. Ibilbide bera osatu, eta plazako sutondoan jarraituko dute, suaren inguruan herritarrekin batera dantza egiteko.