«Ilusio handia da niretzat anaiarekin jotzea. Soinuarekin dabil Ekhi»
200 biztanle eta bost trikitilari ditu Aramak. Horietako bat da Iker Irribarria.
Argi Berri eta Osinberde bertso sariketetan aritu zara Ekhi anaiarekin batera. Orain, trikitilari bezala ikusiko zaitugu?
Bai, hots egin ziguten Zaldibiara eta Ordiziara joateko, eta animatu ginen. Aspaldi egindako plaza bakarrak horiexek dira. Tartean-tartean gustatzen zaigu guri ere pandero pixka bat jo, eta hor sentitzen den giro hori bizitzea.
Larunbatean Araman daukazue hitzordua.
Ni ez nengoen oso animatuta, baina ikusita horrelako herri txiki batean bostek jotzen dugula soinua edo panderoa, guretzat oso polita izango da. Ohore bat da. Errespetu pixka bat ematen dit, aurretik oso trikitilari onak daudelako. Gu beste maila batean aritzen gara. Baina aukera polita da, eta egingo dugu zerbait herrian. Ez naiz oso oholtza zalea. Errespetua ematen dit. Baina oso polita da eta etorkizun batean batek daki.
Aspalditik zabiltza panderoa jotzen?
Bizitza guztian gustatu izan zait trikitia. Baina panderoarekin denbora pixka bat eduki nuenean hasi nintzen, pandemian alegia. Etxean sartuta geratu ginenean, «hau da garaia ikasteko» pentsatu nuen. Gustua hartu nion eta egunetik egunera ea hobetoxeago jotzen dugun.
Anaia gaztearekin, Ekhirekin jotzen duzu.
Egia esanda, ilusio handia da niretzat. Soinuarekin dabil Ekhi. Moldatzen ari gara pixkanaka-pixkanaka. Ilusio berezia egiten dit herritarrekin jotzea, baina are handiagoa anaiarekin jotzea.
«Oso trikiti zalea den herritar batek ikusten zuen oso aukera polita zegoela parkean trikiti jaialdi bat egiteko»
Lehen jaialdia da Aramakoa.
Oso trikiti zalea den herritar batek ikusten zuen oso aukera polita zegoela parkean trikiti jaialdi bat egiteko. Udalean baiezkoa eman genion [zinegotzia da], baina antolakuntzan gu aparte gaude. Ea eguraldiak laguntzen duen eta festa polit bat sortzen dugun. Ea jende pixka bat animatzen den Aramara.
Bada zerbait beti Araman.
Saiatzen gara herri giroa mantentzen. Udalean aldaketa izan da eta lehenengo urtean beti izaten da indarra. Kultura aldetik ez gaude geldi, ea beste hiru urteetan horrela jarraitzen dugun. Udalak antolatuagatik beti dago jendea laguntzeko.
Uztailaren 12an Idi-pest antolatu duzue. Data bakarrik aurreratu duzue, gainerakoa sekretua da oraindik.
Bai, bozeramaleak emango du berria. Saiatzen ari gara kultura aldetik lanean. Ikusi dugu herrian bazegoela beharra, gogoa ere bai, eta ari da jendea animatzen. Data gorde, garrantzitsua da-eta.
Urtebete da pilota utzi zenuela. Lanik ez zaizu falta, beraz.
Aspertu ez gara egiten. Batean ez bada bestean bagabiltza, eta denbora galdurik ez daukagu. Badaukagu zeregina etxean ez bada, etxetik kanpo. Gustura nabil.