Legazpiko ezpata dantzak 400 urte
Sustraiak taldeko dantzariek ezpata dantzaren onomastika berezi bat ospatuko dute igandean, eta herriko plazan egin dute hitzordua, 12:00etan.
Ekainaren 9an, igandean, 400 urte beteko dira Legazpiko ezpata dantzaren xehetasunak lehen aldiz dokumentu batean jaso zirenetik. Onomastika hori ospatzeko, Sustraiak dantza taldeak jaialdi txiki bat egingo du Euskal Herria plazan, 12:00etan, eta gaur egiten duen bezala dantzatuko du ezpata dantza, Goiz Deia bandako txistularien laguntzarekin.
Legazpin egiten den ezpata dantzaren lehen erreferentzia zehatzak XVII. mende hasierakoak dira, Korpus egunekoak, baina XVI. mendearen amaieran ere dantzatzen zen, orduko aipamenak ere ezagutzen direlako. 1624ko ekainaren 9ko dokumentuan, herritar batek egindako dohaintza baten barruan egiten da dantzaren aipamena, eta hainbat xehetasun jasotzen dira, hala nola, dantzari kopurua, parte hartzen duten musikariak eta Legazpin gaur egunera arte iritsi ez diren Katxidiabloa eta Boboa izeneko pertsonaiak. Azken horiek izaera barregarria dute, eta emanaldietan dantzariei laguntzea da haien funtzioa. Hemen desagertuta daude.
Aurten 400 urte betetzen dituen dokumentuan jasotzen denez, Legazpi hiriko seme Gregorio Lopez de Larrazagak, Telleriarteko Elorregi etxekoak, urteko 200 errealeko dohaintza egin zion Korpus Eguneko erakundeari, eta haietatik 6 dukat eman zizkion Francisco de Oñatibia de la Costari Korpus egunean ezpata dantza egin zuten 17 dantzariengatik, danbolin jotzaileengatik, atabaleroarengatik, Katxidiabloarengatik eta Boboarengatik; eta beste 4 erreal Joanes de Zangituri, dantzaren gidaritzagatik eta zapatengatik.
400 urte eta gero
Legazpiko artxibategian gordeta dagoen herriko ezpata dantzaren lehenengo erreferentzia zehaztu hartatik 400 urte igaro dira. Hainbat gora behera izan ditu dantzak orduz gero, eta garaian garaira egokitzen joan da, besteak beste dantzarien kopuruak, parte hartzen duten pertsonaiak eta koreografiak egokituz. Dantzarien jantzian ere izan dira moldaketak.
Gaur oraindik ezpata dantza egiten bada, Sustraiak dantza taldeari esker da, XX. mendean desagertzear egon zelako; 1960eko hamarkadan ez zen dagoeneko dantzatzen. Baina Sustraiak taldea sortu eta gutxira, haren kideek berreskuratzea lortu zuten, besteak beste, Nicolas Urmenetaren eskutik, eta 1977tik aurrera, urtero maiatzaren 3ko Santikutz egunean interpretatzen du. XXI. mendetik, Mirandaola egunean ere egiten da, eta hainbat folklore jaialditan ere bai.