Rokodromoa inauguratu dute Gabirian
Alkainburu pilotalekuan, 18 metro luze eta 3 garai den eskalatzeko gunea eraiki dute. Beroketa-gunea, eta inklinazio desberdineko lau sekzio ditu. Denentzat irekita dago.
Kirol mota berrien gurdira igo da Gabiria ere. Ostiralean inauguratu zuten Alkainburu pilotalekuaren behealdeko horman rokodromo berria. Dauzkan neurriengatik eta dagoen lekuan egoteagatik, ezohiko instalazioa da Goierri guztian. Frontoiaren kanpoaldeko paretaren luzera osoa hartzen du, 18 metro, eta altuan 3,20 metro da. Guztira, 57 metro koadro. Erabat irekia da, eta edonork erabil dezake.
Inaugurazio ekitaldian izan ziren, ostiral arratsean, Goierri Eskolako ikasleak eta irakasleak ere. 2023ko martxoan iritsi zitzaien rokodromoaren altzairuzko egitura diseinatzeko eta egiteko eskaria. Lekua behatu zuten lehenbizi, eta diseinu arlora igaro gero. «Kezka bereziak izan ziren egituraren pisua eta, nola ez, ondoren jendeak erabili behar zuela», aitortu dute. Ingeniaritzakoen laguntza izan zuten kalkuluetarako, eta errealitate birtual handituko betaurrekoekin irudikatu zuten egitura; «akats-tartea oso txikia zen».
Fabrikazioaren ardura, Galdaragintzako eta Soldadurako erdi mailako zikloko ikasleek izan zuten. Ikasturtea amaitzerako, bukatuta eta entregatuta zeukaten proiektua. «Gure harrotasun puntua azaldu nahi dugu gaur, hona etorri eta hain dotore bukatuta ikusitakoan», azaldu dute ikasleek.
Mila helduleku
Bost atal edo sekzio dauzka rokodromoak. Berotzeko eta hatzak entrenatzeko campus bat dago sarreran, xafla luzeekin, esekidurak lantzeko laukizuzenekin eta presaedo helduleku borobilekin.
Jarraian, inklinazio desberdineko beste lau atal daude. Erabat bertikala da lehenengoa, eta 10, 20 eta 30 graduko atzeranzko etzandura daukate besteek. Metalezko egituran iltzatutako oholetan, rokodromo guztian mila presa inguru jarri dituzte, mota eta zailtasun askotakoak, oreka lantzeko >bolumen deritzen bereziak tartean.
Azpian, erorketetarako zoru biguna atondu dute, olana batekin estalita. Herritarrek emandako eta inguruko herrietan bildutako 80 bat ohe-koltxoi erabili dituzte. Estalpe bat ere ipini diote guneari, lehengo estalkiari eranskin bat gehituta. Iazko ekainetik, urtebeteko lana behar izan dute.
«Herritarrentzat eta kanpokoentzat» dago erabilgarri Gabiriako rokodromo berria. «Beste instalazio bat edukitzea aberatsa da herriarentzat».
Argazkiak: Aimar Maiz