Buztingintza, adinik ez duen artisautza diziplina
Beasaingo Buztingintza Keramika Elkarteak ikasturte amaierako erakusketa inauguratuko du gaur, Igartzako jauregian, 18:00etan. Ekainaren 16ra arte egongo da ikusgai eta herritar guztiak gonbidatu dituzte.
Buztingintza Keramika Elkarteko kideak. Ariane Vierbücher Buztina azazkalen artean sartu zitzaienetik ezin izan dute atera. Nolabait, buztinarekin esperimentatzea eta eskuz pieza artisau, erabilgarri edo apaingarri bihurtzea ahalbidetzen duen diziplina horri lotuta geratu ohi dira probatzen dutenek.
Kontu handiz, poliki-poliki hasi dira Buztingintza elkarteko kideak erakusketa osatzeko piezak ateratzen eta kokatzen, Igartza jauregiko erakusketa areto nagusian. Ikasturte amaierara iritsi dira, eta hilabete hauek guztietan zehar egindako lanaren lagin bat erakutsiko dute. Gaur arratsaldean izango da inaugurazioa, 18:00etan, eta herritar guztiak gonbidatuta daude, hala, egiten duten lana ahalik jende gehienarengana iris dadin.
25 urte baino gehiago
Buztingintza keramika elkartearen historiaz zertxobait gehiago ezagutzeko aukera izan da erakusketaren aitzakia. «1997 urtean dago taldearen sorreraren lehenengo inskripzioa», kontatu dute gaur egungo Buztingintzakideek. Taldearen sortzaileen inguruko datu zehatzik ez dute, baina bai «zeramikaren zaletuak ziren hiru emakume beasaindar izan zirela elkartearen sortzaileak». Garai hartan, «ez zegoen horrelako elkarte edo talderik, norbere etxean ibiliko zen, eta hutsune hori betetzeko sortu eta hasi ziren, lehenengo beste lokal batean, Alkartasuna Lizeo inguruan, eta ondoren, Urbieta etxean».
Harrezkero, jende asko inguratu da elkartera. Izan ere, zeramikaren praktikak balio positiboak erakutsi dizkiela ere kontatu dute, hala nola «garapen pertsonala eta sortzailea, autoerrealizazioa lortutako lorpenengatik, eguneroko bizitzako estresaren aurrean erlaxatzea, zaletasun bera duen jendea ezagutzea,… Giro ezin hobea dugu eta hori ere bada Buztingintzako kide izateko arrazoi bat», nabarmendu dute.
36 kidek osatzen dute elkartea, gaur gaurkoz. «Geroz eta jende gehiagok du zeramikaren zaletasuna», ados etorri dira taldean denbora gehiago daramatenek. Geroz eta jende gehiago, eta adin tarte guztietakoak biltzen ditu. Beteranoena, «Antonio Aranburu izango da», kontatu dute zalantzan, «Bittori Intxausti eta Izabele Grazina ere inguruan izango baititu», osatu dute beteranoenen zerrenda. «80 urteren bueltan daude eta hirurek denbora mordoa daramate zeramika lantzen». Gazteenak berriz, «27 urte ditu, Karla Bramer da», borobildu dute erakusketa jartzera gerturatu diren taldeko gazteenek, zeramikaren zaletasunak adinik ez duela demostratuz.

Ikasturtean egin dituzten hainbat pieza.Ariane Vierbücher
Ikasturteko martxa
Erakusketan ipiniko dituzten keramika lan bakoitzak arte horrekiko maitasuna eta grina azaleratzen ditu. «Lan handia egiten dute, norbere erritmoan, mailaren arabera» kontatu du Pott Keramikako Jone Urainek , elkarteko irakaslea denak. Urtarriletik maiatza bukaera arte iraun duen ikastaroan, keramika figuratiboa eta ustutze teknika landu dituzte. Hori kontutan izanik, erakusketarako «behor bat eta giza gorputza» egin behar izan dituzte. Egin beharreko beste ariketa bat izan da «kopa bat egitea, hasiera batean erraza dirudiena, baina uste baino zailtasun handiagoak dituena» irakasleak kontatu duenez. Materiala «aukeran izan dute». Emaitzarekin «gustura» daude taldekideak.
Erakusketaren bisitarien artean, keramika pieza batzuk zozkatuko dira. Txarteltxo batean, izen-abizenak eta telefonoa utzi beharko dira. Ekainaren 16ra arte egongo da ikusgai.













