Ekiola Urretxu ezagutzera emateko informazio saioak datorren astean
Ekainaren 11n izango da lehenengo bilera Ezkion, eta ekainaren 12an bigarrena, Urretxun. Web gunea eta aurrez aurreko herritarrentzako arreta zerbitzuak ere irekiko dituzte.
Ekiola Urretxu proiektua ezagutzera emateko eta bazkideak lortzeko informazio kanpaina abiatuko du kooperatibak datorren astean. Proiektua familia eta negozioen energia-beharrak asetzeko helburuarekin sortu zen duela urte batzuk, energia berriztagarrien eta ingurune eta etorkizun jasangarriago baten aldeko apustuan. Proiektuak erakunde ezberdinen babesa izan du eta hiru urtez, proiektua aurrera eramateko lanean aritu ondoren, laster hasiko dira 1,5 hektareako planta fotovoltaikoa sortzeko lanak Deskarga inguruan. Ekiola Urretxu kooperatiba sortua dago jada, eta 2025erako instalazioa martxan egotea aurreikusten da.
Kooperatiba ezagutzera emateko, izen-ematea errazteko eta zalantza guztiak argitzeko, bi hitzaldi informatibo antolatu dira datorren asterako eta informazio bulegoak zabalduko dituzte Urretxu eta Ezkio-Itsasoko udaletan asteazkenetik aurrera. Informazio saioak ekainaren 11n, asteartea, Ezkioko udaletxean eta ekainaren 12an, asteazkena, Urretxuko Labeaga aretoan egingo dira, biak arratsaldeko 19:00etan.
Informazio bulegoetarako arretarako ordutegiari dagokionez, Ezkioko bulegoa astearteetan 10:00etatik 13:00etara eta 14:00etatik 18:00etara egongo da irekita eta ostegunetan goizeko ordutegian soilik. Urretxukoa aldiz, astelehen, asteazken eta ostiral goizetan, ordutegi berean, eta astelehen, asteazken eta ostegunetan arratsaldez.
Xehetasunak argitzeko
Datorren asteko informazio saioetan, proiektuari buruzko xehetasunak eskainiko dituzte, eta kooperatibaren antolaketa eta egitura, bazkide izateak dakartzan onurak, parte hartzeko baldintzak, izena ematea eta hasierako inbertsioaren inguruko azalpenak emango dira, besteak beste.
Halaber, herritarren eskura jarriko da asteartetik aurrera ekiolaurretxu.eus webgunea. Bertan, interesa duten herritarrek kooperatibaren inguruko informazioa jaso eta bazkidetza prozesua online egin ahal izango dute era errazean. Zalantzarik izanez gero, asteazkenetik aurrera, herritarrek 747 445 749 telefonora deitu edo idatzi dezakete (deiak eta whatsappa) edota info@ekiolaurretxu.eus helbide elektronikora jo.
700 bazkiderentzako lekua
Ekiola Urretxuko instalazioak 700 bazkide hartzeko ahalmena izango du, hortaz, 1.800 pertsona inguru izan daitezke proiektu honen onuradun. Kooperatiban parte hartzeko, eguzki-plakak edo plaken azalera erosi beharko da instalazioaren barruan. 1.500€ inguruko hasierako inbertsioarekin, bazkideek kontsumo normal baten baliokidea den urteko energia-bolumena sortu ahal izango dute (2.200kWh/urteko). Hasierako inbertsioa beste proiektu batzuetan baino txikiagoa da, lortutako diru laguntzei esker; izan ere, Ekiola Urretxuk 1.159.643,87 euroko diru laguntza du Next Generation Europako funtsetatik.
Urretxuko, Ezkioko, Itsasoko, Zumarragako eta Legazpiko biztanleei zuzenduta dago proiektua, lehen fase batean, eta familiek, enpresa txiki eta ertainek —30.000Wh/urteko muga izango dute hauek, familien mesedetan— eta merkataritza eta ostalaritza establezimenduek parte hartu ahal izango dute. Beraz, ez da tokiko proiektu bat, instalazioak 25 kilometroko erradioan dauden udalerriak hornitu ahal izango baititu. Plazak mugatuak dira, eta, beraz, interesa izanez gero, informazio bileretara edo informazio bulegoetara gerturatzea eta lehenbailehen izena ematea gomendatzen da.