Ordiziara iritsiko da gaur eta bihar Gipuzkoako Gazte Tourra
Gaur, Leire Dallasen dantza ikastaroa izango da D’Elilkatuzen. DJ Tintz, Tatta eta We are Espinelis taldeak izango dira bihar. Biharko Plaza Nagusiko kontzertua Ayveeg gasteiztarrak aurkeztuko du.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Departamentuak «16 eta 25 urte bitarteko gazteei eskaintzen dien aisia aktiboko eta partaidetzazko» Gazte Tour kultura zirkuituak bi geldialdi egingo ditu aurten Goierrin: gaur eta bihar Ordizian eta urriaren 12an Zumarragan. Tokiko talentu gazteen erakustaldiak bultzatuko dituzte.
Ordizian egitarau bikoitza antolatu dute. Gaur, 18:00etan, dantza master class-a eskainiko du Leire Dallasek, D’elikatuzen (aurretik izena emanda). Errenterian (Gipuzkoa) jaio zen eta gaur egun Madrilen bizi da. Dantzari profesionala da, hainbat urteko esperientzia du, eta irakasle eta koreografo lanak egiten ditu. Gaur egun, Arima lehiaketa taldeko koreografo gisa aritzen da Madrilen, baita Natalia Lakunzaren hurrengo tourrerako koreografoa da. Dantzaria da, besteak beste, Bad Gyal, Nicki Nicole, Rels B, Aleesha eta Vicco artisten tourretan. Gainera, Espainiako telebistako Operacion Triunfo 2023ko dantza taldearen parte izan da.
DJ Tintz zumarragarra
Biharko musika jaialdia Plaza Nagusian izango da, 19:30ean hasita. Dohainik da. Ayvee artistak (Andrea Vitoria) aurkeztuko du ikuskizuna. Txikitatik musikarekiko grina oso handia izanik, koreografiak sortu, abestu eta emanaldiak ematen zituen eskolan; horrela, 2020ko irailean lehen abestia atera zuen: Amaitu da. Pandemiaren ondorengo depresioa gainditu eta bigarren diskoa sortu du, gertatu den guztia salatuz eta kontatuz.
Km 0 izeneko kontzertua Andoni Martinez, DJ Tintz zumarragarrak eskainiko du. Disko jartzaile profesionala da 2019az geroztik. Txikitatik gustatzen zaio musika, eta maiz aritzen da Santa Isabel jaietan eta Eivissako (H. Katalanak) bi diskotekatan.
Gazte Tourreko artista nagusiak Tatta eta We are Espinelis izango dira. Euskal Herriko hiri-generoko artista garrantzitsuenetako bat bihurtu ondoren, Arrasateko Tatta abeslariak Martin album berria aurkeztuko du Denso ekoizlearekin batera. Gaztea Sarietan 2023ko Abesti Onenaren Sarirako izendapena jaso zuen.
Espinelis Bermeoko Herbass & M Arta bikoteak osatzen du. Hamar urteren ondoren proiektu berri bat aurkeztu dute Dj Learekin batera. Hiru emakume boteretsu dira, ondo pasatzeko prest eta giro politak sortzeko gogoz mezu argiak eta laburrak helarazten dituztenak.
Gaur, ekainak 7
- 18:00. Leire Dallas errenteriarraren dance masterclass-a, D’elikatuzen.
Bihar, ekainak 8
- 19:30. Kontzertuak, Plaza Nagusian, Ayveek (Andrea Vitoria) aurkeztuta: Dj Tintz zumarragarra, Tatta arrasatearra eta We are Espinel bermeotarra.