«Txikitatik naiz Barandiaranen oso zalea»
Ataunen izango da Maia kantari eta bertsolaria ekainaren 15ean, 'Kantu berri bat gara' ikuskizunarekin Mitoaldia egitaraua hasteko. Musika, irudiak eta bertako artistekin kolaborazioak uztartuko ditu, emanaldi "errepikaezina" egiteko. Sarrerak salgai daude dagoeneko.
Ataunen datorren astean hasiko da Mitoaldia egitaraua, euskal mitologiari eta kondairen kosmologiari eskainitako zikloa, Jentilbaratza kultur elkarteak antolatuta. Aurreneko saioa Jon Maiaren (Urretxu, 1972) ‘Kantu berri bat gara’ ikuskizuna izango da. Ekainaren 15ean, larunbatarekin, 22:00etan Ataungo Herri Antzokian ariko da. Sarrerak Jentilbaratzaren webgunean eros daitezke, aurrez 15 euroan. Dagoeneko salgai daude.
Emanaldi berriarekin Ataunen izango zara. Zer prestatu duzu?
Lehenengo aldia izango da ikuskizun berria Goierrin egiten duguna. Lehengoarekin Beasainen eta Ordizian izan ginen. Hau desberdina da, zuzenekoa da, eta kantuak eta proiekzioak izango ditu. Gogoz gaude lan berria erakusteko. Saiatzen naiz joaten naizen lekuan bertakoen kolaborazioak bilatzen. Ataunen ere izango da horretatik. Kontzertu bakarra izatea da ahalegina.
Zertan izango da berezia?
Gauzarik politenetako bat, gure ibilera hauetan, harremanak izaten dira, ezagutzen duzun jendea eta herriak. Bertsotan oso ohituta nago horretara, baina konturatzen naiz musikan desberdina dela, distantzia gehiago dagoela. Bertsolariak normalean tabernara joaten gara lehenbizi –eta gero ere bai–, edo bazkarietan eta afarietan 6-7 ordu egoten gara jende artean hitz egiten. Hori musikan ez da gertatzen, normalki.
Dagoeneko Ataunekin eta ataundarrekin lehenengo hartu-eman bat egina duzu. Lehengo astean izan zinen bertako giroan murgiltzeko.
Nola Mitoaldian dagoen emanaldi berezi hau, pentsatu nuen beraien unibertso hori gertutik ezagutzea. Txikitatik naiz Barandiaranen oso fana. Umetatik irakurri izan ditut bere lanak, eta asko gustatu izan zait mundu mitologikoa, ezkutukoa, baserrietako kondairak eta misterioak. Ataungo antolatzaileek aukera ezin hobea eman zidaten, eta egun zoragarria pasatu nuen: Barandiaranen etxea ikusi ahal izan nuen, museoa ere bai. Eta Troskaetan hain ondo jaten zenik ez nekien! Oso karta berezia dute. Egun ederra pasatu nuen, eta gogotsu nago berriro emanaldiarekin Ataunera joateko.
«Kolaborazioak zeintzuk diren nahiago dut ez esan, xarma kenduko diodalako emanaldiari bestela»
Barandiaranen zerk erakartzen zaitu gehien?
Arlo asko, batez ere arkeologia gustatzen zait, baina gehiago ahozko kontakizunen altxor hori guztia. Baserriz baserri, herriz herri, etxez etxe bildu zituen kondairak, sinismenak, kantuak eta gertakizunak. Horrek liluratu egiten nau, eta asko interesatzen zait. Paul Urkijorekin bazkaldu nuen lehengo batean, eta hura ere Barandiaranen oso zalea da. Horrek ezarri ditu gure izaeraren ezaugarri oinarri asko. Zorte izugarria izan dugu; Barandiaranek egindako lan erraldoiari esker, ikaragarrizko altxorra daukagu euskaldunok, baita kristautasunaren aurreko euskal unibertso imajinarioarena ere, eta iruditeria hori Barandiarani esker daukagu. Gure identitatea eraikuntza hortik dator.
Ekainaren 15eko Ataungo ikuskizuna nolakoa izango da, aurrera dezakezunetik?
Kolaborazioak zeintzuk diren nahiago dut ez esan, xarma kenduko diodalako emanaldiari bestela. Beti izaten dira saio bereziak, kontzertu bereziak izan dira orain arteko denak, eta errepikaezinak. Eta Ataungoa ere horrela izango da. Ahalegin berezi bat egiten ari gara Kantu beri bat gara ikuskizuna herri txikietara eramateko. Askotan, zailtasunak dauzkate, aurrekontu aldetik edo logistika aldetik. Saiakera edo eskaintza berezi horretatik joango gara Ataunera, formula horrekin.