Udako ekintzak prest, Bele Gazten
Ekainaren 24tik uztailaren 23ra eskainiko dute zerbitzua, 12 eta 18 urteko gazteei zuzenduta. Bihar da izena emateko azken eguna.
Zegamako Bele Gazte gaztelekuan ekainaren 24tik uztailaren 23ra bitartean ekintza ugari antolatu dituzte, abuztuan gaztelekua itxi aurretik. Ekintza hauek 12 eta 18 urte bitarteko nerabeei zuzenduta egongo dira eta hauetan parte hartzeko izen ematea irekita egongo da bihar arte, derrigorrezkoa izango da izena ematea antolatutako ekintzetan parte hartu ahal izateko.
Gaztelekuko hezitzaileek nerabeekin aurrez adostu zuten programazioa, eta beraien nahiak eta iritziak kontutan hartu dituzte bost asteko proposamen erakargarria osatzeko. Udako lehen ekintza ekainaren 25ean egingo dute, fitness saioa eta hamaiketako osasuntsu batekin.
- Ekainaren 27an, Anduetza Parketxekoen gidaritzapean Ura bizitzaren motorra izenburupean Zegamako zentrala bisitatu eta erreka zati bat garbituko dute.
- Uztailaren 2an Hi selfie ekintza arrakastatsua izango dute nerabeek.
- Uztailaren 6an, Urbiara egun osoko mendi irteera antolatu dute.
- Uztailaren 9an, yoga saioa eta
- Uztailaren 11an, brotxetak egiten ikasiz bazkaria egingo dute.
- Uztailaren 15ean eta 16an, urtero bezala, aurten ere bi egunetako txango bat antolatu dute gaztelekutik, Sobrongo abentura parkera, Langraiz Oka herrian mendi ibilaldia eta bertako igerilekuetan ibiliko dira.
- Uztailaren 18an, Zegamako igerilekuetan jolasak antolatu dituzte.
- Uztailaren 23an, ikasturteari amaiera emateko, Murgizelai parkean afaria egingo dute eta egun honetan bertan, ikasturteko balorazioa eta bingo jolasa egingo dituzte.