Aizkorri Segura klubeko lehendakari ohiak omendu dituzte
Omenaldiaren ondoren, Aizkorri Segura taldeko beteranoek eta Realekoek futbol partida jokatu dute
Gaur goizean Aizkorri Segura futbol klubeko lehendakari ohiak omendu dituzte eta ondoren taldeko eta Realeko beteranoek partida jokatu dute Alustiza zelaian. Jendetza elkartu da eta giroa bikaina izan da.
Omenaldia eta partida hasi aurretik, haurrek Realak antolatutako jolasetan aritzeko aukera izan dute. Haur gehienek futbol kamisetak jantzita joan dira futbol zelaira: askok Aizkorri Segura klubaren kamiseta eraman dute eta beste askok Realarena. 11:15ak aldera omenaldia hasi da. Joxe Gereñu, Ramon Gerriko, Angel Gomez, Juan Antonio Agirre, Jose Mari Izagirre eta Roman Leoz lehendakari ohiak eta Jose Mari Gereñu zena —lehendakari izan ez bazen ere, klubaren alde lan eskerga egindakoa— izan dira omenduak. Azken horren izenean, Lurdes Zudaire alargunak parte hartu du. Besteak beste, taldearen kamisetak oparitu dizkiete. Iker Zubeldia Zegamako alkateak bi bertso eskaini dizkie eta futbolean ere aritzen diren Azpilla dantza taldeko kideek aurreskua dantzatu dute, Zegamako txistulariek lagunduta. Ohorezko sakea Joxe Gereñuk egin du, bilobek lagunduta. Ondoren, partida jokatu dute.