Goierriko irakurle taldeek Mariasun Landa omendu dute
Goierriko irakurle taldeek seigarren topaketa egin dute gaur Gabirian. Urtero idazle bat omentzen dute eta aurten Mariasun Landa omendu dute. Goruntz taldeko dantzarien saioaren ondoren, Gorka Maizek berak eta Aratz Igartzabalek egindako kopla batzuk abestu dizkio. Ondoren, irakurle taldeetako kideek, taldetxotan banatuta, Krokodiloa ohe azpian liburuari buruz hitz egin dute. Bukatzeko, Landak bere liburuari buruz hitz egin du. Errenteriako idazleak Krokodiloa ohe azpian liburuaren itzulpen batzuk eraman ditu. Besteak beste, errusierara, korearrera eta esloveniarrera itzulitakoak. Landa oso esker oneko azaldu da eta irakurle taldeek egiten duten lana goraipatu du. “Txora-txora eginda nago”, esan du. Bestalde, Gabiria berarentzat oso herri berezia dela esan du. Izan ere, bere osaba bat pasiotarrek Gabirian izan zuten etxean izan zen. “Ni txikia nintzenean osaba bisitatzera etorri ginen. Garai hartan Errenteria eta Pasaia oso urruti zeuden. Bisita hartako argazki bat dut. Bisita hura dela eta, Gabiriak oihartzun handia izan du nire baitan”.