600 saskibaloi jokalari gaztetxo Azatxo saskibaloi topaketan
600 saskibaloi jokalari gaztetxo elkartu dira gaurkoan Ordizian egin den Azatxo saskibaloi topaketan. Egun osoan zehar partidak jokatu ondoren egunari itxiera eman diote guztiek elkarrekin Majori Kiroldegian.
Gaur saskibaloia eta elkartasuna izan dira nagusi Ordiziako Azatxo saskibaloi topaketan. Aurtengoa 5.edizioa izan du talde ordiziarrak honen antolakuntzan. 600 saskibaloi jokalari gaztetxo elkartu dira saskibaloiaz gozatzeko asmotan eta topaketa honen xedea ahaztu gabe: Saskibaloian jokatzeaz gozatzeaz gain Bihotzez elkarteari ekarpen ekonomikoa egitea . Goizeko 9etan eman diete hasiera topaketei eta herri desberdin ugaritako haur eta gazteak elkartu dira goizean goizetik Ordiziako Saskibaloi Taldea, Beasaingo Arri BKL, Legazpiko Andraitz, Donostiako Antigua Luberri, Askatuak eta Easo, Arrasateko Ointxe, Azpeitiko eta Azkoitiko Iraurgi, Zarauzko Zast eta Gasteizko San Produentzio taldeak.
9urtetik hasi eta 12 urte bitarteko haurrak izan dira bertan eta Majori kiroldegia eta Urdaneta eta Jakintza ikastetxeak izan dituzte joko-zelai. Eguerdian, jaiak ez du etenik izan. Jokalari guztiek elkarrekin bazkaltzeko aukera izan dute ordiziako plazan eta ondoren, arratsaldeko partidak amaituta, Majorin elkartu dira guztiak, itxiera emateko gaurko egunari. Itxiera honetan eskerrak eman nahi izan dituzte antolatzaileek egun osoan izandako giroagatik eta haurrei saskibaloian jokatzen jarraitzeko mezua helarazi diete. Jokalari bakoitzak bere domina eraman du gaurkoan etxera. Bestalde, sortzetiko kardiopatia duten haurrei laguntza eskaintzen dieten Bihotzez elkarteari ere egiten duen lanagatik eskerrak eman dizkie.