Beasain eta Zaldibia, finalaurrekoei heltzera
Oiartzun-Beasain eta Zaldibia-Bergara geratu dira azken kanporaketako norgehiagokak. Ataun, tanteoz kalera.
Lautik hiru ezin izango da, baina hala eta guztiz, Goierrik aspaldiko urteetako gihar sendoena erakutsiko du Gipuzkoako Herriartekoan. Finalaurrekoetara Beasain eta Zaldibia sailkatu dira. Ataun kanporatu egin du final-laurdenetan Bergarak, eta Goierrirako jokaldi osoa eragotzi du.
Zaldibiak Andoain kanporatu du final-laurdenetan. Kanporaketa 3-3 berdinduta geratu da han ere, baina 102 tanto Zaldibiak, 96 Andoainek, eta goierritarrak aurrera. Andoainek estu jarri zizkion gauzak ostiralean: 22-17 eta 22-2 irabazi zizkieten lehen bi partidak: Elizegi-Sukiak 6-22 irabazi zuten, eta berebizikoa suertatu zen aurkaria tantotan horren baxu uztea.
Lehen aldiz jokatuko du Zaldibiak finalaurrekoa. Eskuko modalitatean 25 aldiz parte hartu du, eta beste behin ere iritsi zen azken aurreko koskaraino. Baina kirol merituz lortutakoa, bulegoetan ukatu zitzaion, Zaldibiako taldeak Ordizian erroldatutako pilotari bat zegoela-eta ez baitzioten jokatzen utzi. «Historia egiten» ari diren oldozpena dago herrian, txapelketa osoan frontoietara joan den herritar oldeak babestuta.
Zaldibia eta Bergara egokitu dira aurrez aurre finalaurrekoan. Ostiralean, ekainak 14, Zaldibiako Resti pilotalekuan 18:30ean hasiko da jaialdia. Kadeteetan, Suhar Mantzizidorrek eta Aetz Lopezek jokatuko dute (Lide Lopez eta Beñat Arrese ordezko); jubeniletan, Aratz Aranburuk eta Jokin Mendizabalek; eta seniorretan Alex Sukia eta Aitor Elizegi dira titularrak (Jon Mendizabal ordezkoa).
Beasain ere iritsi da finalaurrekora, Azpeitia 4-2 gaindituta. Ostiralean, Izarraitz frontoian, kadeteek galdu zuten (22-3), baina jubenilek (13-22) eta nagusiek (8-22) irabazi egin zuten. Antzizarren ondutako emaitza berbera erdietsi zuen Beasainek, 2-1 bietan alde.
Oiartzuni aurre egin beharko dio Beasainek finalaurrekoan orain; Oiartzungo Madalensoro frontoian, igandean 17:00etan da joanekoa.
Kanporaketako alde mingotsa Atauni egokitu zaio. Bergaratik 2-1 aldeko emaitza ekarri ondoren, Auzoetan 1-2 galdu zuen Ataunek lehengo ostiralean. Kadeteek 5-22 galdu, jubenilek 22-1 irabazi eta nagusiek 7-22 galdu zuten. Kanporaketa hiruna berdindu arren, tanteoz gehixeago izan da Bergara: Ataunek 82 tanto, Bergarak 94.