Bertakoari gorazarre
Bertako produktuen sustapenerako jardunaldia egingo dute laugarrenez, larunbatean Itsason. Alegi auzoko Sindikatoa denda ostiral eguerdian inauguratuko dute, ekitaldi batekin.
Bertako produktuen sustapenerako 4. jardunaldia antolatu dute Itsason, larunbaterako. Jardunaldia da, bertako produktuen azokaz gain, bestelako ekintzekin ere osatu ohi dutelako egitaraua. Aurten, IMZ moda proiektuaren atzean dagoen Irune Mujika ordiziarrarekin —gaur egun Itsason bizi da— bere ibilbidearen eta sorkuntza prozesuaren inguruan hitz egiteko aukera izango da.
Pilare Muxika antolatzaileetako batek azpimarratutakoaren arabera, «elkarren arteko lankidetzatik» sortutako ekimena da, Itsasok produktu eta proiektuetan duen «aniztasunaren» ispilu. Ez da bertakoa sustatze aldera antolatzen duten ekintza bakarra, gehiago ere badira, «esan daiteke prozesu baten emaitza dela, oraindik ere amaitu ez dena», dio. Prozesu beraren baitan ulertzen du etzi inauguratuko den Itsasoko Sindikatoa dendaren proiektua ere.
Iraunkorra eta aldakorra
Larunbateko jardunaldia «iraunkorra eta aldakorra» da Muxikaren iritziz. Iraunkorra Itsasoko ekoizleak daudelako hasieratik, eta aldakorra inguruko ekoizleak ere batzen direlako urtero, «oso aberatsa da guretzeko hori». Jaki eta artisautza produktuen eskaintzak osatuko dute azokako eskaintza. Bertan izango dira Urteaga-Urkulegi, Hariztizabal, Goiti eta Albitxu baserriak, Behieko, Pott Keramika, Isla pitxiak, IMZ, Zutabiok, Mimogoxo, Ehunduz, Araiz bitxiak, Kurkubi, Cosmo eta Korosti kafea.
Itsasoko plazako karpan egingo dute azoka, ohi bezala, 17:00etatik 19:30era. Ondoren, 19:45ean hasiko da Irune Mujikarekin mintzaldia, manikiekin apainduko duten eliz atarian. «Kasualitatez, neguko bildumako argazkiak Itsasoko eliz atarian egin ditu, gainera» azaldu du. Amaitzeko, bertako produktuekin egindako afaria izango da Ostatun. Txartelak azokan egongo dira salgai, 10 euroan.