Bide azpiegituretan hobekuntza lanak finantzatuko ditu aldundiak Goierriko lau herritan
Errepide konponketak
Gipuzkoako Foru Aldundiak Goierrin bide azpiegitura-lan batzuk finantzatuko dituela iragarri du. Kasu honetan, lau udalek errepideetan gauzatuko dituzten hobekuntzak diruz lagunduko ditu aldundiak, Bide Azpiegituretako diputatu Maria Ubarretxenak ostiralean Itsasondoko, Olaberriko eta Gabiriako udaletara egindako bisitetan aurreratu zuenez. Legorretan ere beste obra bat aurreikusi du aldundiak, kasu horretan bere jabetzako azpiegitura batean. Herri txikietan azpiegiturak hobetzeko, aldundiak diru gehiago jarriko duela ere esan du, guztira 615.000 euro aurten. Udalen lanen %85 finantzatuko du.
Itsasondon, errepide nagusi zaharreko hormigoizko hesiak kendu eta altzairu herdoilgaitzezkoak jarriko dituzte, 167 metro luzean. 36.129 euro ipiniko du aldundiak.
Olaberrian, Gi-2632ko 0,120 kilometroko zebrabidean semaforoa jarriko dute (40.000 euro).
Gabirian, Etxeberribengoko zubian, Gi-3540 eta meategiko Gi-3520 arteko bidegurutzean lurreko marra-seinalizazioa margotuko dute (5.937 euro).
Legorretan, Ibiurko urtegira bideko Oria ibai gaineko zubia berrituko du aldundiak. 46,3 metro luze da zubia, eta armaduran herdoil arazoak ditu. 494.714 euroko aurrekontua du obrak, eta lau hilabete iraungo du.