Lazkaon osasun zentro berria eraikitzeko prozedura hasi du Osakidetzak
Proiektuaren idazketa lana lehiaketara atera du Osakidetzak. Anbulatorioa eraikitzen 2025ean hasi nahi dute, bi urteko epean amaitu eta 2027rako zerbitzuan jartzeko.
Lazkaoko osasun zentro berria eraikitzeko Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak hasi du prozesua. Proiektua idazteko eta obren zuzendaritza hartzeko lanak lehiaketa publikora atera ditu. Proiektua egiteko aurrekontua 272.717 euroan zehaztu du, BEZarekin. Eskaintza ekonomikoak eta parte hartzeko eskariak aurkezteko epea uztailaren 8ra artekoa da.
Anbulatorio berrirako, 3 milioi euroko aurrekontua kalkulatu du jaurlaritzak. Obrak «2025ean zehar» hasi nahi ditu, eta urte eta erdian edo bi urtean amaituta egotea espero du, 2026 bukaerarako edo 2027rako.
Lau solairuko eraikin berria altxatuko dute (bat lurzoruaren mailaz behetik), orain dagoenaren orubean eta aldamenera bloke bat gehiago zabalduta. Azalera hirukoiztuko zaie osasun instalazioei: gaurko 415 metro koadroetatik 1.000 metrora.
Hamabost kontsulta edukiko ditu. Familia-medikuntza, pediatria, emakumeen arretarako gunea, fisioterapia eta administrazio bulegoak izango ditu. Lazkaoko, Ataungo eta Olaberriko herritarrei emango die zerbitzua.