Mugikortasuna modu jasangarriagoan egiteko lanketa abian da
Batetik, beasaindarrentzat nabarmenenak diren puntu eta ibilbideak identifikatu nahi dira eta horretarako saio bat egingo da ostiralean. Bestetik, garraio sare publikoaren hutsuneak identifikatu nahi dira, herritarrei galdetuta.
Herri barruko eta kanpoko desplazamenduak modu jasangarriagoan egiteko bi ekimen berri abiatu ditu Beasaingo Udala. Bata, Oinezko Metroa du izena, eta herritarrei udalerriko toki esanguratsuenen arteko distantzia eta denborei buruzko informazioa emango dien tresna sortzea da helburua. Horretarako, beasaindarrentzat nabarmenenak diren puntu eta ibilbideak identifikatu nahi dira ostiralean Igartzako jauregian egingo den saioan. DBHko ikasleek eta hirugarren adinekoek hartuko dute parte.
Bigarrena, berriz, Mugikortasun Multimodalerako Zerbitzua da. Sarritan, garraio sare publikoak ez ditu erabiltzaileen beharrak guztiz asetzen, eta hutsuneak detektatu nahi dira. Hala, kale inkesta egingo da hurrengo egunetan. Udalaren webgunean ere bete daiteke galdetegia. Beasaingo enpresekin ere bilduko da Udala desplazamendu beharrak ezagutzeko.