Alegi auzoko Sindikatoa inauguratu dute
Alegiko Sindikatoa Elkarteko kideak, herritarrak, eta ordezkari politikoak izan dira eguerdiko ekitaldian. Datorren astean froga fasea izango dute eta ekainaren 24tik aurrera denda martxan izango da.
Itsaso, Gabiria eta Ormaiztegi hartzen dituen Alegi auzoko Sindikatoa dendaren inaugurazio ekitaldia egin dute gaur eguerdian. Itsaso Herria herri ekimenak sustatutako proiektua da, eta bertan izan dira ordezkari politikoez gain, proiektua sustatu duten Alegiko Sindikatuko Elkarteko kide eta ordezkariak, Itsasoko herritarrak eta denda hornituko duten ekoizleak.
Joseba Telleria Ezkio-Itsasoko alkateak eta Gorka Sasieta Itsaso Herria herri ekimeneko ordezkariek hartu dute hitza, eta Gorka Egia proiektuaren koordinatzaileak egin ditu aurkezle lanak. Gainera, bertan izan dira Jon Enrike Ormaiztegiko alkatea, Felix Maiz Gabiriako Udaleko zinegotzia, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko foru diputatua, Diego Hortelano Espainiako Herrien Federazioko ordezkaria eta Espainia mailan proiektu jasangarriak bultzatzen dituen Tragsa taldeko ordezkariak ere.
Telleriak, Ezkio-Itsasoko Udalak bitarteko lanak baino ez dituela egin esanez hasi du bere mintzaldia eta proiektu honetan aritu direnengan jarri nahi izan du fokua; “proiektu honetan jende askok lan egin du, ilusio handiarekin eta azkenean, iritsi da eguna”. Gaurkoa egun sinbolikoa dela esanez jarraitu du, “hemendik aurrerakoak erakutsiko du orain arte egindako lan guztiaren emaitza”.
Gorka Sasietak hartu du hitza, ondoren, itsasoarren izenean. Gogoan izan ditu proiektuan bidelagun izan dituzten erakunde eta norbanako guztiak. Aurretik aipatutakoez gain, Alegiko Sindikatua Elkarteko kide eta ordezkariak, Itsasoko batzordeko kideak, Sindikatuko historia eta dokumentazioa biltzen aritu den Maixabel Olanga, Miriam Otamendi, arkitektoa, udal langileak, Ikerl Lizardi eta Martin Iparragirre eta baita denda martxan jartzeko parte hartu duten enpresa ezberdinetako ordezkariak, Benio informatika, Gattiken Komunikazio Kooperatiba, Garsan eraikuntza eta Izuabiz diseinua.
Proiektu berritzailea
“Orain ia 100 urte Alkartasuna erakundea sortu eta gero Alegiko Sindikatoa izenez ezagutu zen denda indarrean jarri zuten leku berean gaude. Iritsi da eguna, eta berriro ere ateak irekiko ditu denda zerbitzua eskainiz. Sindikatoaren albo batean, ikusgarri dago aurreko Sindikatoak 60 urtez egindako lana, hainbat etxetan zeuden eskritura, kontu-liburu eta herritarren memoriatik jasoak. Itsasoko artxiboan jaso dira bildutako elementu guztien kopiak, denon eskura izan daitezen.
Orduan bezala, orain ere herri ekimenez eratu da dagoeneko 50 bat bazkide dituen elkarte berria eta Itsasotik jaio bada ere, Alegi auzoak biltzen dituen Gabiria eta Ormaiztegiko hainbat herritar bildu dira bertan, baita Ezkiokoak ere. Herri hauetakoak izan edo bertan lan egiten dutenak ere komunitate honetako partaide izan daitezke aurrekoetan izan ziren bezalaxe.
XX. mendean zehar helburua bertako eta ingurukoen behar zituzten elikagai eta gainerako osagaik eskaintzea zen. Orain ere herri txikietako biztanleek zerbitzu hau ahalik eta eskuragarrien izateaz gain, elikagaiak ahalik eta gertukoenak eta osasungarriak izateko eskubideaz dihardugu. Itsason egindako parte hartze prozesuek eraman gaituzte honetara, elikadura, kutsadura eta energia krisiari aurre egiteko zerbitzu berriztatzailea eta iraunkorra eratuz”.
Eskerrak ekoizleei
“Aurreko eta oraingo ereduak alderatzen jarraituz, sortu den elkarteko bazkideek kudeatuko dute bertako funtzionamendua, baina salmenta zuzena eta autonomoa izango da. Digitalizazioan eta konfiantzan oinarrituko da eta ekoizle bakoitzarengana zuzenean joango delarik erosten denaren balioa. Eskerrak eman beharrean gaude denda hornitzeko ahalegina egiten ari zareten ekoizle guztiei: Hariztizabal, Goiti, Mandubizar, Urteaga-Urkulegi, Albitxu, Pott, Isla, IMZ, Itsasoerrota, Korosti, Biziola kooperatiba eta Topa ostatua.
Bestalde, Sindikatu honen alderdi berritzaileak, autonomo izatearena, alegia, froga fasea izango du datorren astean, aplikazioa egin duen Benio Informatikaren laguntzaz. Behin fase hau pasata ekainaren 24tik aurrera sistema martxan jarriko da eta norberak izango du atea ireki eta erosketa modu autonomoan egiteko aukera. Erosketa bakoitzeko ekoizle eta hornitzaileek zuzenean jasoko dute dagokiena. Denok saretuta egongo gara zalantzak argitzeko.
Gure esperientzia beste hainbat herri txikietara ere estrapolagarria dela iruditzen zaigu, dagoeneko interesa agertu dute hainbat herriek eta gu prest gaude zabalkundean laguntzeko. Izan dezala ibilbide oparoa dendak”, esanez amaitu du.
Ondoren, zinta moztea egin dute Telleriak eta Sasietak eta taldeko argazkia atera dute dendaren aurrean. Barrura sartuta, ekoizle bakoitzak bere proiektuaren berri eman die bertaratutakoei.