Idiazabaldarrek San Adrianera erromesaldia egin dute
Idiazabaldarrak San Adrianera joan dira Erromesaldian. Zegaman eta Seguran aginte-makilak trukatu dituzte Idiazabalgo eta herri hauetako alkateen artean eta 14:00ak aldera iritsi dira berriro ere herrira.
Idiazabaldarrak goitiar ibili dira gaurkoan. Goizeko 7:30etan autobusa hartu dute eta Erromesaldiari hasiera eman diote. San Adrianera ohiko bisita egin ondoren eta bertako mokadutxoaren ondoren berriro ere hasi dute herrira bueltarako bidea. Bide honetan Zegaman eta Seguran izan dituzte geldialdiak. Bietan ala bietan hamaiketako ederra egin dute eta horrez gain, herri hauetako alkateek aginte-makila trukatu dute Idiazabalgo alkatearekin.
Herri bakoitzean musikariekin jaso dituzte erromesak eta aipatu dutenaren arabera, <<besoak zabalik>> jaso dituzte herri guztietan, ohiko moduan. Goiz <<bikaina>> izan dute idiazabaldarrek Aizkorpeko lurretan barrena eta ibilbidearen ondoren, gainera, <<fresko>> iritsi direla berriro herrira aipatu dute, <<sabela ondo beteta>> eta esperientzia <<bikaina>> bizita.