Antxustegik eta Urrestik beren lehenengo Goilurrak lortu dute
Markinarrek irabazi dute VI. Goilurrak Rallya, zortzi erlojupekoetatik seitan azkarren ibilita. Lehen hamarretan goierritarren bost talde sailkatu dira.
Gorka Antxustegi eta Xabat Urresti markinarrek irabazi dute VI. Goilurrak rallya. Zenbait saiakeraren ondoren, eta 2021ean txapeldunorde geratu ostean, euskal egutegiko hirugarren rallya poltsikoratu zuten zapatuan, Renault Clio Williams txikiarekin BMWen tropel ugaria menperatuta.
Larunbatean egun osoan jokatu zen rallya, Lazkaoko Ikullu Racing eta Azkoitiko Errebueltie taldeek antolatuta. Eguneko zortzi erlojupekoetatik seitan Antxustegi eta Urresti izan ziren azkarrenak. Iker Etxeberria eta Maitane Martiarena (BMW M3), eta Iñaki Narbaiza eta Egoitz Mujika urretxuarra (Peugeot 208 Rallye 4) bakarrik izan ziren itzal pixka bat egiteko gai. Matxinbenta-Salbatore lehen zatia irabazi zuten Etxeberria-Martiarenak, eta hirugarren lekura atzeratu zituzten Antxustegi-Urresti. Arratsaldean, Urola Erdian jokatu zen seigarren zatian Narbaiza-Mujikak lortu zuten scratch-a.
Gainerakoan, bizkarra erakutsi zieten beti garaileek. Ahaltsuenen arteko erregulartasun horren tartean sartzea lortu zuten goierritarrek. Mujika kopilotu urretxuarraren bigarren postuaz gain, Nerea Campos legazpiarra eta Gorka Idigoras oñatiar pilotua (Clio Sport) bosgarren sailkatu ziren nagusian. Xabier Mujika-Miriam Iztueta (Saxo VTS), Xabi Garmendia-Ioritz Garmendia (Peugeot 205) eta Eneko Nazabal-Aritz Goena (BMW 330i) goierritarrak kokatu ziren ondoren, 6., 7. eta 8. postuetan. Lehen hamarren artean, beraz, goierritarrek bost talde.
Hemeretzik, utzi
Azkoitiko abieratik 56 auto irten ziren, izena emandako 60en artetik, zapatu goizean. 33k lortu zuten erlojupeko guztiak osatzea eta sailkapen nagusirako puntuatzea, horietako 12 formula librea kategoriakoak. 19 taldek utzi behar izan zuten lasterketa, gehienek (zortzi) Mutiloa-Zerain 22 kilometroko zati luzean bezain gogorrean, 2. eta 4. erlojupekoetan. 94 gizonezko eta 24 emakumezko ziren partaideen artean.
Sailkapen nagusia (azkena):
1.Gorka Antxustegi-Xabat Urresti (Renault Clio Williams), 1:16:49,143; 93,94 km/h
2.Iñaki Narbaiza-Egoitz Mujika (Peugeot 208 Rally4), 1:17:39,631; 92,92
3.Ibon Beitia-Xabier Lizarralde (BMW 328i E30), 1:18:54,944; 91,44
4.Iker Etxeberria-Maitane Martiarena (BMW M3), 1:19:05,572; 91,24
5.Gorka Idigoras-Nerea Campos (Renault Clio Sport), 1:20:22,432; 89,79
6.Xabier Mujika-Miriam Iztueta (Citroen Saxo VTS), 1:20:48,798; 89,30
7.Xabi Garmendia-Ioritz Garmendia (Peugeot 205), 1:21:11,122; 88,89
8.Eneko Nazabal-Aritz Goena (BMW 330i), 1:21:19,124; 88,74
FL. Ander Romero-Virginia Reguero (BMW E30), 1:21:20,889; 88,71
FL.Xabier Agirre-Mikel Basterra (BMW E30), 1:21:23,315; 88,67