Beasaini zail jarri zaio Herriarteko finalerako txartela
Beasainek hiru partidetatik bakarra irabazi du Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan jokatutako joaneko partidetan. Itzulikoak Antzizarren jokatuko dituzte asteburuan.
Ostiralean Zaldibiak Bergarari 3 eta 0 irabazi ondoren, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finalerdietan dagoen Goierriko beste herriak, Beasainek, atzo arratsaldean jokatu zituen joaneko partidak Oiartzunen aurka Madalensoro pilotalekuan.
Beasainek afizionatuen partida irabazi du, baina kadeteena eta jubenilena galdu egin ditu, alde handiz gainera. Itzuliko partidak datorren asteburu honetan jokatuko ditu Antzizar pilotalekuan, baina kanporaketa gainditzea zail egingo zaiola dirudi.
Kadeteetan, Sanchez-Goikoetxeak 22-1 galdu zuten Zelaiaran-Etxeberriaren aurka; jubeniletan ere kontrako emaitza izan zuten, Leonet-Etxeberriak 22 eta Madina-Landak 8. Afizionatuetan nagusi izan ziren beasaindarrak: Zalakain-Zabaleta 7 / Azketa-Garmendia 22.