Ezkio-Itsasoko herri eskolak hartu du lekukoa
Datorren urtean Ezkio-Itsason ospatuko dute Eskola Txikien festa. Atzo ospatu zuten aurtengoa, Adunan.
Ezkio-Isason ospatuko dute datorren urtean Eskola Txikien festa. Atzo Adunan egin zen aurtengoa, eta Ezkio-Itsasoko eskolako ordezkariek hartu zuten lekukoa Adunakoen eskutik. Aurtengo antolatzaileek adierazi bezala, «edozertan laguntzeko prest izango gara. Zikloak eta sareak jarrai dezala».
Gauzak honela, Ezkio-Itsason ospatuko da datorren urteko Eskola Txikien Festa. Tolosaldeko atarian argitaratu dutenez, pozez jaso dute lekukoa Ezkio-Itsasoko Herri Eskolako ordezkariek, «gogo eta mimo handiz antolatuko dugu datorren urteko festa eta saiatuko gara eskola txikien arteko loturetan sakontzen», esan zuten atzo. Ardura handia izango dela adierazi dute, «baina oztopoak oztopo eta akatsak akats saiatuko gara geurea den zerbait sortzen».
Adunako Herri Eskolak egindako lana ere zoriondu eta goraipatu dute, «ingurura begiratuta giroa ezin hobea da; sagarrak, espazioak, jarduerak, gerturatutako guztien aurpegi alaiak eta eguraldia ere lagun dugula. Aparteko festa ospatzeko osagaiak bildu dira gaur hemen. Haurrak ospakizunen honen protagonistak, dibertsio, barre eta une ahaztezinez betetzen ari dira Aduna. Gure eskola komunitateak definitzen duen nortasun sendoaren testigantza dira», esan zuten atzo, lekukoa jasotzerako unean.