Haurrek sakelakoa saihesteko ekimena Ataunera iritsi da
Altxa Burua taldearen dinamikan, umeek etxekoei hots egiteko telefonoa eskainiko diete herriko zenbait toki publikok, saltokik eta tabernak. Hitzaldi bat ere antolatu dute.
Haurren artean teknologiaren erabilera egokia bultzatu nahi duten gurasoen Altxa Burua elkartearen ekimena Ataunen ere aplikatuko dute. Batez ere sakelako telefonoak murrizteko eta Interneterako sarbidea duten gailuak ematea atzeratzeko, bi jarduera iragarri dituzte. Batetik, kalean telefono mugikorrik behar izan ez dezaten, Gurea erabil dezakezu sarearekin bat egin dute Ataungo zenbait saltokik, tabernak eta toki publikok.
Etxekoekin hartu-emanean jartzeko, umeek aurrez finkatutako leku horietara jo ahalko dute, eta handik hots egin. Ataunen udal liburutegia, farmazia, optika, harategia, udaletxea, gasolindegia, Errotaundi, Martintxo, Jone Mendizabalen ile-apaindegia, Agurtzane ile-apaindegia, Sutegi, Troskaeta, Urbieta, Kutxabank, eskola, haur eskola, Urbitarte sagardotegia, Xabi Saralegi masajista eta Barandiaran Museoa dira haurrei telefono zerbitzua doan eskainiko dieten lekuak. Eranskailu bereziak jarriko dituzte atean, ekimenarekin bat egin dutela identifikatzeko.
Miren Rosen hitzaldia ostegunean
Gaiari buruz informazioa emateko, bestetik, hitzaldi bat antolatu dute Ataungo Altxa Burua taldeak eta guraso elkarteak. Miren Ros adituak Telefono mugikorrak, noiz eta nola? hitzaldia egingo du, ostegunean (ekainak 20) 18:00etan, udaletxeko batzar aretoan.