Lazkaoko udal aurrekontuaren zati bat zertan erabili esateko, proposamenak egin ditzakete herritarrek
Ekainaren 28ra arteko epea dago ideiak aurkezteko. 2025eko aurrekontuaren 200.000 euro, herritarren proposamenen artean aukeratutakoetara bideratuko du udalak.
Lazkaoko Udalak herritarrek parte hartzeko dinamika bat jarri du martxan. 2025eko udal aurrekontuetatik, 200.000 euro zertarako bideratu nahi dituzten esateko aukera ireki du. Dagoeneko, etxez etxe banatutako esku-orriaren bidez, irekita dago proposamenak egiteko epea.
Aurtengo udal aurrekontua 9,2 milioi euro pasakoa dela kontuan hartuta, oinarri horretatik abiatuta, diru guztien %2 inguru modu horretara izendatu nahi ditu udalak. «Lazkaotarrek zuzenean hautatutako proiektuak» garatzeko izango litzakete 200.000 euroko diru sail hori. Hamasei urtetik gorako herritarrek parte har dezakete, proposamenak bidalita.
Udalaren eskumeneko jardunbideekin gara litezkeen proposamenak izan behar dute, «hala nola obrak, hirigintza, ekonomia, enplegua eta turismoa, kultura eta aisia, gizarte-politikak, mugikortasuna, ingurumena, landa-ingurunea, euskara, berdintasuna, gazteria eta kirolarekin zerikusia duten gaiak», dio udalak.
Lehen epea, 28ra arte
Bi fase dauzka parte-hartze prozesuak. Lehenengo, herritarrek proposamenak egin ahalko dituzte, ekainaren 28ra arte. Banatutako galdetegia bete eta udaletxean utz daiteke, edo Google Formsen digitalki bete. Ondoren, irailaren 9tik 27ra, «onartutako proposamenak» aukeratuko dituzte, bozketa bidez.