MUko Ingeniaritza Mekanikoko ikasleek zubi zabalgarri baten prototipoa garatu dute
Mondragon Unibertsitateko ikasleek urtean zehar jasotako prestakuntza akademikoa aplikatu dute ikasturte amaierako proiektuan.
Mondragon Unibertsitateko Ingeniaritza Mekanikoko hirugarren urteko ikasleek ikasturte amaierako proiektuen aurkezpena egin zuten ostiralean. Aurten, zubi zabalgarri bat diseinatzea izan da erronka, kamioiez edukiontzi estandar batean garraiatu daitekeena, hondamendi naturalek edo gatazkek kaltetutako eremuetara iristea erraztuz. Diseinu horri esker, zubia larrialdi-lekuan zabaldu eta itxi egiten da, erabili ondoren biltegiratzeko.
Prototipo hauek eskala txikiagoko zubi erreal baten funtzionaltasuna simulatzen dute, eta ikasleei prestakuntza akademikoan zehar eskuratutako ezagutza “sorta zabala” aplikatzeko aukera eman die. Horien artean, diseinu mekanikoa, egiturazko azterketa, materialen ingeniaritza eta jasangarritasun eta efizientzia energetikoaren printzipioak daude.
Proiektuak ingeniaritzako benetako erronkei aurre egiteko aukera eman die ikasleei, hasierako diseinutik hasi eta prototipoaren fabrikazioraino. Gainera, aukera eman die hobeto ulertzeko nola aplika daitezkeen urtean zehar ikasi dituzten trebetasunak. Adibidez, arazo konplexuetarako konponbide azkar eta eraginkorrak behar dituzten mundu errealeko egoeretan.