'Ongi etorri baserrira!' jardunaldietan Goierriko lau ustiategi ezagutzeko aukera
Zeraingo Ariztizabal baserrira eta Txirbil aroztegira bisitak antolatu ditu Enba sindikatuak uztailaren 5erako, eta Aralarko Esnaurreta txabolara eta Ordiziako Arramendira uztailaren 6rako.
Enba nekazal sindikatuak Ongi etorri baserrira! ate irekien jardunaldiak antolatu ditu beste behin. Uztailaren 5ean eta 6an izango dira aurtengo bisitak, erabat doan, baina aurrez izena eman behar da uztailaren 3a baino lehen. Bisitak goizez egingo dira bi egunetan, 11:00etatik 14:00etara bitartean. Informazio gehiagorako 943 650123 telefono zenbakira dei daiteke.
Aurtengo ekitaldian Goierriko lau etxalde edo ustiategi ezagutzeko aukera izango da. Denera Gipuzkoako eta Bizkaiko 19 baserrik parte hartuko dute aurtengo ekimenean.
Uztailaren 5erako Zeraingo Ariztizabal baserrira eta Txirbil aroztegira bisitak antolatu ditu Enbak. Ariztizabal baserriak 15 hektarea baso ditu eta Joxe Manuel Oria da hango titularra. Basoa bisitatu ondoren, Txirbil aroztegira joango dira, besteak beste, Axalko markako egurrezko bizikletak egiten dituen aroztegira. Hitzordua Aizpitta interpretazioa zentroan jarri dute.
Uztailaren 6an dira Goierriko beste bi hitzorduak. Joseba Insausti artzain-gaztagileak Aralarren duen Esnaurreta txabolara joango dira. Arropa eta oinetako erosoak eramateko deia egin dute, baita hamaiketakoa eramateko ere. Ordizian da laugarren bisita, Jose Ramon Arsuagak esne-behiekin lan egiten duen Arramendi baserrira.
Zubiak eraikitzea helburu
Ongi etorri baserrira! ekimena 2014. urtean jarri zuen martxan Enba sindikatuak. Orduko hartan zortzi baserrik zabaldu zituzten ateak eta 90 bisitari izan ziren, eta urtez urte hazten doan proiektua da. Hainbat helburu ditu: baserriaren eta hiriaren arteko zubiak eraikitzea; kontsumitzaileek baserritarra pertsonalki ezagutzea; elikagaiak ekoizteko era ezberdinak ezagutzera ematea; kalitatezko elikagaiak eta horiek babesten dituzten markak eta zigiluak ezagutzera ematea; eta baserritarrek egiten duten lana balioestea, besteak beste.