Ehun lagun elkartu dira Itsasoko Baserriko Uztan
EH Kolektiboaren Baserriko Uzta topaketa egiten ari dira gaur Itsason. Goizean bisita gidatuak egin dituzte; musika emanaldiak eta bazkaria ere egingo dute
Itsason egiten ari diren Baserriko Uzta topaketak ehun lagun inguru bildu ditu. Euskal Herriko osoko bisitariak izan dira Itsason, Iparraldekoak zein Hegoaldeko lau lurraldeetakoak, eta baita ere, atzerrikoak. EH Kolektiboa gertutik ezagutzeko aukera izan dute, Urteaga-Urkulegi etxaldeko ate irekiei esker.
Azkoititik (Gipuzkoa) etorri da familia bat. Kontatu dute kaletarrak direla, baina agroekologia gaia interesatzen zaizkienez, egun pasa “polita” egiteko baliatu dutela aukera. Lehen aldia dute Baserriko Uztaren topaketetako batean. Kataluniako bikote batentzat ere lehen aldia izan da gaurkoa: “etxetik abiatu ginenean ez genekien topaketa hau zenik ere, baina baratza bat dugunez eta lehendik ere agroekologia arloan lan egindakoak garenez, etorri egin gara”, esan dute. Agharas elkarteko kideek ere adi-adi entzun dituzte Pilare Muxika Lopetegi etxaldeko maizterraren esanak. Beraiek Bilbotik etorri dira, baratza bat dutelako han. Bertatik ateratakoarekin, kalean bizi diren gazteentzako eta etorkinentzako otorduak prestatzen dituzte, eta menu horietarako jakiak ahalik eta era jasangarrienean lortu nahi dituztela aipatu dute. Gainera, bazkalostean kontzertua emango dute.
Topaketa bisita gidatu batekin hasi da. Talde handian, Urteaga baserriaren atarian, EH Kolektiboa zer den azaldu dute arduradunek: deskribatu dute kolektiboak “guztiontzako elikadura osasuntsua eta eskuragarria egitea” duela helburu, “lurra, abere eta pertsona guztien errespetuan oinarriturik”. Horretarako, Europar Batasunak kutsadura edo energia arloan ezarritakoak baino arau zorrotzagoak ezartzen dizkiete euren buruei. “Hau ez diogu marketinagatik. Guk ez dugu negozioa egin nahi, ekonomia sozial eta solidarioan sinesten dugulako; ondoren, bi taldetan banatuta, Gorka Sasietak eta Muxikak etxaldeko eguneroko martxa azaldu die bertaratutakoei, denek jakin dezaten kolektiboko kideek nola lan egiten duten eta, gerora, bakoitzak bere baserrian aplikatu dezan. “Guk ez dugu hazi nahi. Lehen sektoreko beste ekoizleak ere gure irizpideetara erakarri nahi ditugu”, azpimarratu du Muxikak.
Saio teorikoaren ondoren, etxaldean bertan ekoitzitako elikagaiekin hamaiketakoa egin dute. Gorka Hermosare, Jon Maiaren eta Nacho Soto goierritarren Kantu berri bat gara emankizunak girotu du eguna. Bazkari agroekologikoa ere egingo dute eta, bukatzeko, Agharas kolektiboak kontzertua eskainiko du. Bazkaltzera 80 lagun eseriko dira.