Heldu dira Ateak Irekiko gazte estatubatuarrak
Ateak Ireki egitasmoari esker Euskal Herrira etortzekoak ziren 30 gazteak iritsi dira. Gaur arratsaldean egin diete harrera ofiziala Lazkaon.
Iritsi dira Ateak Irekiko gazte estatubatuarrak. Gaur arratsaldean egin diete harrera, Lazkaoko plazan. Iñaki Goirizelaiak aurreskua dantzatu die aurrena eta, ondoren, Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak ongietorria eman die. “Egonaldi zoragarria” opatu die. “Esperientzia aberasgarria izango da. Bizi osorako oroitzapenak egingo dituzue datozen egunetan”, iragarri die. Hemendik, etorkizunean, Goierriren, Euskal Herriaren eta Ameriketako Estatu Batuen arteko zubiak sortuko direla ere desiratu du. Azkenik, harrera familientzako, Maizpiderentzako eta ekimena aurrera aramateko lanean aritu diren guztientzako esker oneko hitzak izan ditu. Euskara hutsean aritu da Zubiarrain, eta Goirizelaiak itzuli ditu bere hitzak. Honek ere, euskaraz, orain arte lanean aritu diren guztien esfortzua euskaraz eskertu du.
30 gazte etorri dira ozeanoaren beste aldetik. Hiru aste egingo dituzte Goierrin, Euskal Herriko kultura ezagutuz: bertako familiekin biziko dira, euskara ikasketak jasoko dituzte, bertsolaritza, literatura, dantza jorratuko dituzte, bertako gastronomia eta kirolak ezagutuko dituzte, baita ere hemengo industria, kooperatibismoa eta nekazaritza, Tolosan izango dira, Iruñan, Bizkaia ezagutuko dute, baita ere Iparraldea… uztailaren 14an egingo dute itzulerako bidaia.
Harrera ekitaldian izan dira Batzeneko zuzendari Goirizelaiaz eta Zubiarrainez gain, Martin Aramendi Ataungo alkatea, Aritz Goikoetxea eta Mariola Pascual Lazkaoko eta Beasaingo zinegotziak, hurrenez hurren, Laida Begiristain Maizpideko zuzendaria, Jose Mari Ormazabal Maizpideko langilea, Lazkaoko zinegotzia eta txistularia –berak jo du agurra–, eta Angel Oiarbide Ateak Irekiko arduradunetako bat.