Kuadrillek koloreztatu dute egun grisa
Segurako San Joan jaietako bigarren eguna izan da gaurkoa, kuadrilla eguna. Goibel egin arren, kuadrillak kalera atera dira
Uda hasi dela bistakoa da egutegiak hala dioelako eta segurarrak sanjoanak ospatzen ari direlako, baina eguraldiak kontrakoa iradokitzen du. Goibel egin du egun osoan eta, tarte batzuetan, euria ere bota du. Berdin die Segurako kuadrillei, euren koloretako blusekin alaitu baitute eguna. Are, inguruko herrietatik ere hurbildu dira bisitariak. Denak dantzan jarri dituzte Skapaie elektrotxarangak, bi bider: bazkaldu aurretik eta ondoren. Frontoi zaharra txiki gelditu da bazkaltzeko.
Gauean disko festa egongo da, Iñigo Etxenikerekin. Bihar, San Joan bezpera, umeen eguna izango da. Besteak beste, danborrada egingo dute; 23:00etan piztuko dute San Joan Sua eta iluntzean Dupla eta Nikotina taldeen kontzertuak izango dira, Errebote plazan. Festak ekainaren 25era arte luzatuko dituzte.