Zuloagak Zegamako emakumeek frankismoan bizitako errepresioa herritarrei azaldu die
Ione Zuloaga historialariak eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlariak 'Ixilpeko historia berreskuratuz. Emakumeen aurkako errepresio frankista gerra garaian eta gerra ostean (1936-1945)' hitzaldia eskaini du Zegamako udaletxean
Emakumeek frankismoaren lehen urteetan pairatutako zapalkuntza gaur egunera ekarri du Ione Zuloagak. Historialariak eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlariak Ixilpeko historia berreskuratuz. Emakumeen aurkako errepresio frankista gerra garaian eta gerra ostean (1936-1945) hitzaldia eskaini du Zegamako udaletxean.
Zuloagaren eta Zegamaren lotura zaharragoa da. Zegamako Udalak hala eskatuta, Zegama 1936-1945. Giza eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan ikerketa lana egin zuen duela urte batzuk. Udalak urteak daramatza memoria historikoa lantzen: 2015ean sortu zuten Oroimenaren Txokoa, Jose Urbizu Berasategiren gorpuzkiak Urbasatik berreskuratu eta herriko hilerrian ehortzi zituztenean. Orduz geroztik, frankismoaren biktima gehiagori ere egin diote aitortza.