Aranburuk badu bere izeneko lasterketa
Alex Aranburu I. Sari Nagusia izenburupean, txirrindulari lasterketa herrikoia antolatu dute aurten lehenengoz, Ezkioko San Pedro jaietan.
Garaipen garrantzitsuak lortu ditu Alex Aranburuk azken asteetan. Espainiako errepideko txapelketa irabazi berri du San Lorenzo del Escorialen (Espainia) eta astebete lehenago, Belgikako Itzuliko laugarren etapa poltsikoratzea ere lortu zuen. Bada, hemendik aurrera bere izena daraman lasterketa bat ere izango du jaioterrian. Ezkioko San Pedro jaietan —bihar hasiko dira— Ezkiora igoera antolatu dute lehenengoz, bere omenez.
Festak eduki gehiagoz hornitzea izan da festa batzordearen helburua, Jon Garziandiak esan duenez. «Gure artean zer antolatu pentsatzen genbiltzala, bizilagun batek esan zigun garai batean bazegoela herrian Santa Lutzitik Ezkioko kaskora txirrindu lasterketa egiteko ohitura», dio. Garai bateko ohitura berreskuratzeko ideiak konbentzitu eta Alex Aranbururen izena jartzea egoki izan zitekeela pentsatu zuten, omenaldi polita litzatekeela; «berarekin hitz egin genuen eta ondo iruditu zitzaion», gehitu du.
Bihar, 18:00etan emango diote hasiera lasterketa herrikoiari udaletxe parean. Errotako biribilgunera arte lasterketa neutralizatua izango da eta handik aurrera bakoitzak ahal duena eman beharko du aldapa pikoan gora, 2,4 kilometro luze izango den lasterketan. Ez dute lehiakortasunik sustatuko, baina parte hartzaileen arteko lehiak egon egongo dira. «Jendeak ez du barkatzen eta irabaztera aterako dira», dio Garziandiak. Izen ematea 17:30ean irekiko da irteerako gunean. Parte hartzea «herrian jaio edo bizi diren edo herriarekin nolabaiteko harremana duten» horiei dago bideratuta.
Ezkioko sagardo dastaketa
Txupinazoarekin batera, Ezkioko Sagar Zuku elkartean ekoitzitako sagardoa dastatzeko aukera egongo da. Hamar ekoizlek eramango dute sagardoa aurten. Dastaketaren ostean, herritarren artean gustukoena dena aukeratuko dute. Horrekin batera egingo da Ezkioko igoera lasterketako sari banaketa ere, «lehenengo gizonezko eta emakumezkoarentzat detaile bana egongo da», aurreratu du.
San Pedro jaiak «festa herrikoiak» direla dio Garziandiak. «Orokorrean, kanpotik ez da jende asko etortzen, baina bertakoen parte hartzea handia izaten da», dio. Horren erakusle da herri bazkarian —larunbatean izango da— biltzen den jendetza: 120 lagun inguru, «Ezkio bezalako herri baterako ez da gutxi». Aurten Zumarragako Santa Isabel jaiekin batera egokitu dira, «beti ibiltzen gara datekin borrokan, baina herria maite eta sentitzen duena saiatzen da egoten eta disfrutatzen».
Aranbururen omenezko lasterketa ez da aurten sanpedroek dakarten berrikuntza bakarra izango. Egitarauaren bi egunetara mugatu badute ere, igandean, mendi irteera antolatu dute lehenengoz, «ajea pasatzeko». Ikasturtean zehar egindako mendi irteeren egutegia ixteko modu bat ere izango da igandekoa.
EGITARAUA
Ekainak 28, ostirala
- 16:00. Haur jolasak.
- 18:00. Alex Aranburu 1. Sari nagusia.
- 19:30. Txupinazoa eta herriko sagardogileen sagardo dastaketa musikaz alaituta.
- 21:00. Ogitartekoak.
- 23:00. Iratzar taldearen emanaldia.
Ekainak 29, larunbata
- 11:00. Meza.
- 11:30. Haurrentzako toka.
- 12:00. Izazpe abesbatza.
- 12:30. Helduentzako toka.
- 13:00. Poteo herrikoia, Aritz Markinez eta Iker Sukia trikitilariekin.
- 14:30. Herri bazkaria.
- 17:00. Haurrentzako jolasak.
- 21:00. Ogitartekoak afaltzeko.
- 23:00. Laket taldearen kontzertua.
Ekainak 30, igandea
- 11:00. Mendi irteera.