Legealdia amaitu arteko lan ildoak azaldu ditu udal taldeak
Ongizatea, ekonomia eta ingurumena izango dira ardatzak. Etorkizuneko Beasain eraikitzeko 88 proiektu dituzte esku artean
Urtea bete da 2023-2027 legealdia abiatu zenetik eta Beasaingo Udal Gobernuak, Leire Artola buru, legealdia amaitu arteko helburuak plazaratu ditu. Etorkizuneko Beasain eraikitzeko, 88 proiektu jarriko martxan jarri eta osatuko dituzte, pertsonen ongizatea, tokiko ekonomia eta ingurumenaren zaintza ardatz hartuta.
Ongizatea
Giza garapen jasangarria jarri du lehentasun gisa Beasaingo udal gobernuak. Inklusioa, udalerri parekide eta bizigarriagoa eraikitzea, Farmazia lagunkoia egitasmoa martxan jartzea, etxez etxeko laguntza zerbitzua hedatzea, eguneko zentroa indartzea, bazterkeria egoeran daudenei laguntzea, zahartze aktiboa sustatzea, eta nahigabeko bakardadea gutxitzeko egitasmoak abiatzea lehenetsiko dira.
Kalitatezko kultura, euskara eta artearen aldeko lana egiteko konpromisoa hartu du udal gobernuak, eta beasaindarren nortasunaren ikur eta adierazle izateko egitasmoak sustatuko dituzte.
Etxebizitzaren gaia ere bada kezka. Etxebizitza hutsen azterketa zehatza egingo dute, eta emantzipaziorako laguntzak eta alokairu programak bultzatuko dituzte. Aipatu ere, Ugartemendin alokairurako 92 etxebizitza egiteko proiektua abiatu nahi dutela legealdi honetan.
Herritarren parte hartzea sustatzea da helburuetako bat. Espazio publikoen diseinuan eta zahartze aktiboarekin lotutako proiektuetan, besteak beste.
Ekonomia
Arlo ekonomikoari dagokionez Beasaingo Udalaren egoera ekonomikoa «osasuntsu» dagoela azpimarra egin ondoren, «horri esker» abian jarriko diren egitasmoak zerrendatu dituzte: Olaran talentua erakartzeko proiektua, Antzizargo atletismo modulua eta Estanda fundizio lantegiko hondar-beroa kiroldegiko ura berotzeko egitasmoa.
Beasainen enplegua eta tokiko ekonomia indartzeko, Goierri Eskolarekin duten lankidetzari eutsiko diote, formakuntzari zuzendutako laguntza mantenduz, kalitatezko enplegu duina sortzeko aurreikuspenarekin.
Tokiko merkataritza hauspotzea ere badago EAJren udal gobernuaren plan estrategikoan. Hala, takila edo kutxatila sistema eramango da aurrera erosketak errazteko. Bertako produktuen eta azokaren aldeko sentiberatze kanpainak ere bere horretan jarraituko dute.
Ingurumena eta espazioa
Ingurumenaren zaintza eta kalitatezko espazio publikoak eraikitzea izango da udal gobernuaren beste ardatzetako bat. Momentu honetan, martxan dauden proiektuen artean garrantzia berezia dute San Inazio-Esteban Lasa ardatzeko eraberritze lanak, eremu hori «sozialki eta komertzialki biziberrituko ditu, irisgarritasuna, bide segurtasuna eta gune atseginago bilakatuz».
Kalelagun proiektua ere nabarmendu du udal gobernuak. Horrekin, Barrendain plaza birgaituko dute, sozializaziorako espazio bihurtuz.
Larrialdi klimatikoaren ondorioei erantzutea ere izango da udal gobernuaren lehentasunen artean. Martxan dira Oria ibaia zabaltzeko proiektua, udan amaituko dutena, Bide Berdea eraikitzeko prozesua ere legealdi honetan gauzatuko dute, eta Garin auzoko saneamendu sarea hobetzeko urratsak eman dira.
Mugikortasun jasangarria, beste erronka nagusietako bat da. Oinez mugitzea eta mugikortasun partekatua sustatuko dira.
Azkenik, baina ez garrantzia gutxiagorekin, energia garbiak ekoizteko trantsizioan aurkitzen da udala. Eguzki plaken aldeko apustua egin dute. Loinaz futbol zelaian ipini dituzte azkenak, eta Ekion proiektuak ere egin ditu lehenengo urratsak, eta legealdi amaierarako kale argiteria guztia Led teknologiara aldatzea da helburua.