‘Reining Horse’ zaldi txapelketa asteburuan Ormaiztegin
Espainiako Txapelketa Nagusirako kanporaketa puntuagarria izango da. Euskal Herriko eta Espainiako 30 zaldizkok hartuko dute parte. National Reining Horse Asotiation-ek antolatuta, Baron Ranch etxaldean jokatuko da.
Reining Horse zaldi heziketa txapelketa jokatuko dute asteburu honetan Ormaiztegiko Baron Ranch etxaldean, Ekain Kulturala egitasmoaren baitan. Irailean, San Esteve de Palautorderan (Herrialde Katalanak) jokatuko den Espainiako Txapelketa Nagusiko finalerako puntuagarria da. Aurretik, Bartzelonan (Herrialde Katalanak) eta Mallorkan (Balear Uharteak) jokatu dira. Guztira 30 zaldizkok hartuko dute parte, bai Euskal Herrikoak eta baita Espainiatik datozenak ere.
Igor Baron ormaiztegiarra da Baron Ranch etxaldearen jabea. Azaldu duenez, reining-a zaldi heziketa amerikarrean oinarritutako kirol bat da. «AEB-ko rantxoetan zaldiek behiak gobernatzeko jasotzen zuten heziketaren simulazioa bat da», zehaztu du. Zaldizkoak hainbat teknika barneratu behar ditu, zaldia jazarri gabe egin beharrekoak. «Ikusgarriena, galopean joan eta kolpean zaldia geratzearena da», dio. Txapelketetan epaileak egiten du zaldizkoen lanaren balorazioa eta horren araberako puntuazioa zehazten du.
Olaberrieta Txiki baserria
Baron Ormaiztegiko Olaberrieta Txiki baserrian jaio zen —gaur egun ere bertan bizi da—, eta baserriaren alboko lursail batean eraiki zuen Baron Ranch zaldiak reining-ean hezteko zentroa. «Beti izan ditugu behiak eta zaldiak. Animaliak orokorrean beti gustatu izan zaizkit, baina zaldiek beti erakarri izan naute bereziki», dio. Baserriko poni batekin hasi zen eta urteekin zaletasuna areagotuz joan zaio. Reining-a porter horse zaldi arraza amerikarrarekin praktikatzen da batez ere, «kirol honetarako gaitasun onenak dituztelako». Zaldi hauek atentzioa eman zioten eta hala iritsi zen reining-a ezagutzera.
AEBtan jatorria duen National Reining Horse Asosiation Spain —NRHA—erakundeko kidea da Baron, eta hau da txapelketaren antolatzailea. Larunbatean goizez eta arratsaldez eta igandean goizetik jokatuko da kanporaketa, maila ezberdinetan banatuta: hasiberriak, profesionalak eta ez profesionalak. Zaldizko bakoitzak dagokion mailaren arabera, aurretik zehaztutako patroi bat bete beharko du finalerako txartela lortu ahal izateko. Euri asko egingo balu, bertan behera geratuko litzateke txapelketa.