Agurtu dituzte sanpedroak
Aimar Narraspek irabazi du Ezkiora igoera lasterketa herrikoiaren lehen edizioa. Auzo bazkarian 110 bizilagunek hartu dute parte eta atzoko mendi irteeran beste 25ek.
Eguraldiak gehiegi lagundu ez badu ere, aho zapore onarekin amaitu dituzte San Pedro jaiak Ezkion. Zumarragako Santa Isabel jaiak parean tokatzeak ere izan du eraginik parte hartzean, baina Jon Garziandia festa batzordeko kideak esan duenez, orokorrean, «giro politarekin eta bertakoak animatuta» joan dira aurtengo sanpedroak.
Ostiralean berrikuntza nagusi batekin hasi zituzten festak. Alex Aranbururen omenezko 1. Sari Nagusia jokatu zuten: Ezkiora igoera lasterketa herrikoia. Ezkion jaio edo bizi edo Ezkiorekin nolabaiteko harremana zuten horiei zabaldutako lasterketa izan zen, «ez dugu lehiakortasunik sustatu nahi izan, gure arteko zerbait izatea nahi genuen», dio Garziandiak.
Errotako biribilgunea eta Ezkioko kaskoaren arteko 2,4 kilometroak osatzea izan zen erronka, aldapa gogorrean gora. Garai batean ere ba omen zen ezkiotarren artean gisako lasterketa egiteko ohitura. Guztira bederatzi txirrindularik hartu zuten parte eta Aimar Narrasperentzat izan zen lehenengoa irabaztearen ohorea.
Lasterketaren ondorengo sagardo dastaketan egin zuten sari ematea. Ezkioko Sagar Zuku elkartean ekoitzitako 12 sagardo aurkeztu ziren dastaketara. Dastatzaileek guztien artean onena aukeratzea izan zuten arduretako bat. Aurtengo irabazlea Gabiriako Juan Elgarresta izan zen, azkenean.
Auzo bazkari jendetsua
Larunbatean ilun esnatu zen eguna, baina eguraldi txarrari aurpegi ona jarrita haurren eta helduen toka txapelketak egin zituzten goizean. Auzo bazkarian, «110 bat pertsonek» hartu zuten parte. Bazkalaurrea eta ondorena, Aritz Markinez eta Iker Sukia trikitilariek girotu zituzten. Gauen, berriz, Laket taldearen kontzertua izan zen. Orain arte, sanpedroak bi egunera mugatu badira ere, aurten, «ajea pasatzeko mendi irteera» antolatu zuten jairako, lehenengoz.
Ikasturte guztian zehar, mendi irteerak antolatzen aritu da ezkiotar talde bat, «mendizaletasuna bultzatzeaz gain, bizilagunen arteko harremanak sustatu edo inguruko bazterrak ezagutzeko helburuarekin», azaldu du. Hileko azken igandetan egin dituzte «dozena erdi bat» irteera. Eta hau, «festetako igandea eta hileko azkena izanik, ikasturteari eta festei amaiera emateko aitzakia polita izan zitekeela iruditu zaigu», gaineratu du.
25 bat lagunek hartu zuten parte igandeko irteeran. Anduaga auzotik irtenda, Ezkioko herrigunea, Santa Marina eta Igartubeititik behera Anduaga auzora 6,2 kilometroko ibilbide zirkularra osatu zuten. Amaitzeko, hamaiketako bat egin zuten plazan, elkarrekin.