Auzitegi Nagusiak tituludun langileei antzinatasuna ordaintzera behartu du CAF
Enpresa Batzordeak helegitea jarri zuen eta arrazoia eman dio Auzitegi Nagusiak. 1.017 langileri eragiten dio erabakiak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ebatzi du CAF enpresak antzinatasuna ordaindu beharko diela tituludun langileei. Enpresa Batzordeak salaketa ipini zuen CAFen aurka, tituludunei bosturtekoak ordaintzeari uko egiteagatik, «enpresa-hitzarmenean onartuta egon arren eta langileen kolektiboak ordainsari hori badu ere, kolektiboen arteko ordainketan diskriminazioa sortuz». 2023ko urrian egin zen epaiketa, eta azaroan, Donostiako Lan Arloko lehenengo epaitegiak batzordearen eskaera ukatu zuen, enpresari arrazoia emanez.
Horren aurrean, epaiaren aurkako helegitea aurkeztu zuen Enpresa Batzordeak, EAEko Auzitegi Nagusian, bide guztiak agortzeko prest, eta orain, arrazoia eman dio. Tituludun langileei antzinatasuna ordaintzera zigortu du CAF, «ez delako zuzenbidezkoa». 1.017 langileri eragiten dio erabakiak.
Dena den, Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko aukera du CAFek. Epaia irmoa ez bada ere, langileen ordezkariek zuzendaritzari eskatu diote «atzera egiteko» eta Auzitegi Nagusiaren epaia «onartzeko». CAFek bide juridikoa luzatzea erabakiko ote duen beldur da Batzordea, nahiz eta uste duen «zaila izango dela Gorenak arrazoia ematea».
Gaineratu du, epaia irmoa denean, eta langileen aldekoa bada, antzinatasunaren ordainketak «automatikoa» izan beharko duela. «Momentu hori iristen denean, epaia zein atzeraeraginezko izaerarekin aplikatzen den eztabaidatu beharko da».
Langileen ordezkaritzarentzat, azken epaiak dioena, «mugarri garrantzitsua» da, eta eskubideak aldarrikatzeko eta lan- baldintzak hobetzeko, borroka sindikala «beharrezkoa» dela erakusten duela azpimarra egin du.