Txapelik ez, herri bat irabazi dute
Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finala galdu arren, irabazle sentitu daitezke Zaldibiako pilotariak. Herritar ugarik animatu dituzte Atano III.a pilotalekuan, eta are handiagoa izan da herrira iristean sentitu duten babesa. Finalaren eguneko kronika, argazkiak eta bideoa, albistean.
2024ko ekainaren 29a. Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketako finalaren eguna. 14:00etan dute hitzordua Zaldibiako pilotariek eta Gaztelupe pilota klubeko arduradunek. Illati tabernako terraza aukeratu dute bazkalondoreneko kafea hartzeko. Pilotariak zuriz, laguntzaileak okasiorako ateratako elastiko grisarekin. Irribarre txikiak, urduritasun aurpegiak. Bazkaltzeko gai izan ez denik ere bai tartean. Egun handia dute aurretik. Zeinek pentsatuko zukeen orain urte batzuk pilota eskolaren martxa hartu zutenean halako balentria egiteko moduan egongo liratekeenik. Abiatu dira denak Donostiarantz lau-bost autotan.
Atano III.era iritsiera
15:00ak izateko minutu gutxi falta zirela iritsi dira Atano III.a pilotalekura, garaiz. Ia ez dago inor ingurumarian. Gipuzkoako Pilota Federazioko ordezkariek ordu horretarako soberan geratu zitzaizkien sarrerak –goiko harmailakoak eta errebotekoak bakarrik, kantxakoak denak saldu baitzituzten– ordu horretarako eramateko agindu zieten, eta fin-fin bete dute esana zaldibiarrek. Taldeko pilotari beteranoenak falta dira soilik. Ailegatu dira halako batean, adarra jotzeko gogoz gainera. Horiek, artean, kalekoz jantzita. Ikusi egin behar barruz nola dauden. Taldea osatu dutenean, denak barrura, Eneko Aristi entrenatzailea buru dutela. Ordu horretantxe dira abiatzekoak lau autobus Zaldibiatik.
Pilotalekuan daude denak. Frontisetik begiratuta, errebotearen ezkerretara daude prest bina aulki eta mahai bat. Haien atzeko harmailetan eseri dira pilotariak, eta takoak prestatzen hasi dira. Beste batzuk, berriz, goiko harmailetara igo dira, eta hiru pankarta zabaldu dituzte. Errebotean jarri dute luzeena: Pilotakadaz pilotakada. Eman egurre! Aupa Zaldibi!. Beste bi goiko harmailan: Zaldibi, beti txapeldun dio batek, besteak Gaztelupe pilota klubaren zeinua darama. Arduradun bat inguratu zaie Zaldibiako taldekideei, marmarti, frontoian pilotariak soilik egon daitezkeela esanez. Jaramon egin, eta laguntzaile batzuek atarira ateratzea erabaki dute.
Burrunba sumatu da berehala. Jende hotsa. Oiartzuarren taldea ere iritsi da, tropelean. Pilotari saldoa zuriz. Frontoia okupatu dute, eta pilotan hasi dira horietako asko aurreko koadroetan. Elkar agurtu dira bi herrietako ordezkari eta pilotariak. Ezagunak asko. Aurreko bi urteetan ere Oiartzun aurkari izan du Zaldibiak, haietan final-hamaseirenetan. Alde ederra dago. Oraingoan finalean. Oiartzuarrek ere atondu dute pilotalekua. Mugimendua sumatzen hasi da Atano III.ean. Kantxako eserlekuetan aulkiak erreserbatzen federazioko komunikazio teknikaria, beste batzuk sarrera inguruan Rural Kutxak sustatu eta Hernaniko Pelotadendak egindako kamiseta urdin eta gorrien kaxak prestatzen eta Herriartekoa babestu duten erakundeen itsasgarriak ezker paretan eransten. Taberna ere zabalduko dutela dirudi. Horretan ari dira behintzat langile batzuk. Frontoia final baten itxura hartzen hasia da.
Zaleak ere bai
Frontoi atarian ere bada zalaparta. Whatsappez emana dute abisua dagoeneko lau autobusak iritsi direla Donostiara. Handik Atano III.era kalejiran, trikiti doinuek girotuta. Ez da asko falta 16:00etarako. Presa gehien dutenek barrura sartu nahi dute. Donostiara autoz joan den jendea batu zaie. Zaldibiako herritarren laurdena Donostian dago. Oiartzuar zaleen presentzia ere nabari da. Elastiko gorria janzten ari dira haiek. Zaldibiarren kolorea urdina da gaur.
Herriarteko finala grabatzeko konpromisorik ez dute hartu komunikabideek. Ez EITBk, ez tokikoek. Hori ere egon da jendearen ahotan azken astean, izan badutela oroitzapena orain urte batzuk finalak telebistan ikusi izana. Deiren bat edo beste bai, baina erantzuna ezezkoa. Diruak agintzen du hor ere, baliabide ezak ere bai seguru asko –tokikoen kasuan batez ere–, edo bestelako interes batzuk. Edo interes ezak. Batek daki. Leku egokia zein den erabaki, eta Zaldibia.org webgunerako erabiltzen den kamerarekin grabatuko da finala. Lerro hauek idazten ari dena da frontoian dabilen berriemaile bakarra. Beno, bakarra ez, ondoan eseri zaio gizon heldu bat mikrofonoa eskuan. Oiartzun irratiko esataria da.
Harmailak betetzen ari dira. Kantxako sarrera denak salduta daude, eta bi herrietako zaleak ilaraka bereizita. Zaldibiarrak urdinez eta grisez –Gaztelupe elkarteko elastikoa– eta oiartzuarrak gorriz. Goiko harmailan urdinak gehiengo, errebotean gorriak. Ez da asko falta finala hasteko, eta bi herrietako pilotari kadeteak berotzen ari dira. Pilota partida handietako giroa nabari da, jendetsu gogotsu, urduri, nor bere herriaren alde. Hirugarren kazetari bat ere bada frontoian. Bakarrik dago, ia inor ez dagoen tokian. Gipuzkoako egunkari irakurrieneko pilota berriemailea da. 1.300 ikusle inguru bildu dira.
Lehen puntua Zaldibiak
Finala hastera doa. Federazioko esatariak mikrofonoa hartu, eta aurkeztu ditu pilotariak. Aitor Etxeberria eta Unai Zelaiaran gorriz, Suhar Mantzizidor eta Aetz Lopez urdinez. Sakea gorri. Oiartzuarrak segituan jarri dira aurretik (9-1), sakearekin min eginez. Badirudi ezinezkoa izango dela partidari buelta ematea, baina ez, tantoz tanto berdinketa (9-9). Zaldibiarrak partidan sartu dira, eta aurretik jartzea lortu dute (10-11). Oiartzuarrek berdindu, atzera pilota aldatu, eta abantaila hartu dute berriz (17-11).
Zaldibiako bikoak lortu du oiartzuarren bolada etetea (17-14), baina berriz ere sakea berreskuratuta hogeiraino iritsi dira (20-14). Urdinen txanda gero (20-15) eta gorriena ondoren (21-15). Oiartzuarren azken sakea, txalo zaparrada, baina tantoa zaldibiarren alde (21-15). Eta hortik aurrera, magia sortu da. Laukotetik gazteenak, Mantzizidorrek –bigarren urteko infantila– hartu du partidaren gidaritza, eta sakea, erremateak eta dejadak baliatuz partida irabazteko itxaropenari eutsi dio. Lopez nekatuta, jokoari eusten, bezperan Ataunen beste final bat jokatuta eta irabazita. 21na markagailuan. Atera du sakea zaldibiar aurrelariak, eta tanto (21-22). Zoramena. Finaleko lehen puntua Zaldibiarentzat. Ez sinestekoa. Finala bizirik dago. Besarkadak, negar malkoak. Handia egin dute.
Partidaren iraupena: 64 minutu eta 55 segundo. Pilotakada onak: 466. Sakez tantoak: Etxeberriak 2, Mantzizidorrek 5. Sakez kale: Etxeberriak 0, Mantzizidorrek 0. Tantoak jokoan: Etxeberriak 6, Zelaiaranek 3, Mantzizidorrek 9, Lopezek 2. Galdutako tantoak: Etxeberriak 3, Zelaiaranek 3, Mantzizidorrek 2, Lopezek 2. Markagailua: 1-0, 1-1, 9-1, 9-9, 10-9, 10-11, 17-11, 17-14, 20-14, 20-15, 21-15 eta 21-22.
Bigarrena Oiartzunek
Lehen partidako protokolo bera. Oiartzuarren aldetik, Manex Olaiz eta Mikel Leonet; zaldibiarrenetik, Aratz Aranburu eta Jokin Mendizabal. Iragarpenek ziotena bete da, eta indarrez eta kolpez atera dituzte partidarik zaldibiarrak Oiartzungo bi idiskoek. Hori da jo beharra. Aurrenekoan bezala, sakea gorri. Hasi da partida. Mendizabalek lortu du sakea eramatea, eta pilotakada gutxiren buruan, Aranbururi ezker gantxoa jotzeko aukera suertatu zaio. Jo du, eta latza tantoa. Txalo zaparrada. Ez dago hobeto hasterik.
Eta hurrengo bi tantoak ere Zaldibiarentzat (0-3). Baina oiartzuarrek haien aldekoa egin, aldatu dute pilota, eta beste hamabost tanto egin dituzte errenkadan (16-3). Zaldibiarrek hurrena haien laugarren eta azken tantoa (16-4). Oiartzunentzat puntua oraingoan (22-4), eta finala berdinduta. Alde handia sumatu da kantxan. Partidaren bilakaera ikusita, Zaldibiako zaleak bikain, herriko pilotarien izenak behin eta berriz goraipatuz.
Partidaren iraupena: 26 minutu eta 55 segundo. Pilotakada onak: 136. Sakez tantoak: Olaizek 10, Aranburuk 1. Sakez kale: Olaizek 0, Aranburuk 0. Tantoak jokoan: Olaizek 6, Leonetek 2, Aranburuk 1, Mendizabalek 0. Galdutako tantoak: Olaizek 1, Leonetek 1, Aranburuk 1, Mendizabalek 3. Markagailua: 0-3, 16-3, 16-4 eta 22-4.
Pilota horiengatik ez balitz…
Eta iritsi da partida erabakigarria, baita oiartzuarren partetik espero zen jokaldia ere. Jubeniletan aritu izan den Oihan Etxeberria jarri du oiartzuarren entrenatzaileak aurrelari modura –final-laurdenetan eta finalerdietan jubeniletan jokatu du– eta Unax Landa atzean, orkatilako eta eskuetako minez ibilia, eta Herriarteko partida bakar bat jokatu gabea orain arte. Oiartzun nagusietan irabazi gabea zen –beste bikote batzuk jokatu izan dute–, eta taldean dituen bi pilotari onenak atera ditu kantxara, biak Baikorekin aurre-akordioa dutenak. Ez dira fio Zaldibiako bikote beteranoak –Alex Sukia eta Aitor Elizegi–, duen ofizioaz. Arma guztiak atera dituzte kantxara, irabaztera atera dira.
Ohiko aurkezpenen ondoren, txapa zerura. Eta hirugarrenez, gorri. Zaldibiarrak jarri dira aurretik (0-2), berdinketa gero (2-2) eta berriz Sukia-Elizegi aurretik (2-7). Oiartzuarren tantoa, eta pilota aldaketa. Gehiegizkoa. Hiru koadro pasako botea. Zer da hori? Federazioan ez al dago inor hori kontrolatuko duenik? Gorriek hamalau tanto egin dituzte segidan (16-7). Partida eta finala badoala ematen du, baina ez. Etorri da erreakzioa afizionatu mailako pilota bat kantxan jartzearekin bat (16-13). Eten dute bolada oiartzuarrek, pilota aldatu eta hemeretziraino iritsi dira (19-13).
Eta lanaren poderioz, berdinketa (19-19). Eta askoren gogoan geratuko den jokaldia hurrena. Sakatu du Sukiak, bueltatu du Landak, zaldibiarrak ez dira ulertu, eta pilota jo gabe utzi dute (20-19). Eta 21era ere iritsi dira, eta hurrena Zaldibia 20ra (21-20era). Tanto borrokatu baten ondoren, azkena Oiartzunek. Irabazi dute (22-20). Sukia eta Elizegi lurrean, leher eginda, dena emanda. Joan zaizkie laguntzera. Burua gora mutilak. Oiartzuarrek hirugarren aldiz jarraian irabazi dute Herriartekoa, zaldibiarrek lehen aldiz jokatu dute finala. Txapelik gabeko garaipena lortu dute, herri bat irabazi dute.
Partidaren iraupena: 64 minutu eta 16 segundo. Pilotakada onak: 398. Sakez tantoak: Etxeberriak 5, Sukiak 2. Sakez kale: Etxeberriak 0, Sukiak 0. Tantoak jokoan: Etxeberriak 6, Landak 4, Sukiak 5, Elizegik 1. Galdutako tantoak: Etxeberriak 4, Landak 8, Sukiak 5, Elizegik 2. Markagailua: 0-2, 2-2, 2-7, 16-7, 16-13, 16-3, 18-13, 19-19, 21-19, 21-20 eta 22-20.
Harrera herrikoia Zaldibian
Jaso dituzte garaikurrak, atera dute txapeldunekin argazkia, eta baita Euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldekoa ere. Segidan argazkirik handiena, kamera baten objektiboan kabitzen ez dena. Sakelakoa atera, eta panoramika bat egin behar. Atera da zerbait. Eta argazki gehiago, besarkadak. Zaleak hasi dira pilotalekutik ateratzen, autobusa zain dute. Pena bai, harrotasuna ere bai. Eta itzali dituzte Atano III.eko argirik gehienak, bukatu da zortzi asteko pilota bidaia.
Nagusienak dutxatu zain, ordura arte hartu gabeko trago bat jotzera doa espedizio txikia, txapeldunordearen garaikurra eskuan. Telefono deiak, whatsapp mezuak. Festa ez da bukatu. Sumatuko zuten beharbada pilotariek. Abisua, lasai ibiltzeko, ez iristeko autobusen aurretik autoetan. Bazkalondoan abiatutako lauzpabost auto horiek Zelaa hotelean egin dute hitzordua, eta edan dute kopatik kalizatik ariko balira bezala.
Abiatzeko, jendea zain dagoela. Autoetatik jaitsi, eta Goiztiri txaranga jotzen hasi da zubi ondoan. Pilotariak haien atzetik korridorean, hunkituta, irribarretsu, sinistu ezinean. Iritsi dira plazara, eta oholtza txikira igoarazi. Ohorezko agurra Iztuetako bi dantzarik Txanbolinteroen txistuen doinupean, eta alkatearen hitz batzuk segidan. Pilotaririk beteranoenak gero. Esker hitzak besterik ez, eta hurrengo urterako desirak. Zuriz jantzi bai, baina finalean aritu ez diren beste lau jokalariez ezin ahaztu: Beñat Arrese, Lide Lopez, Iñigo Mendizabal eta Jon Mendizabal.
Eta harrera bukatzeko, bertsoa. Honela dio, Habanera doinuan: “Zaldibik urrun bazuen pilotarien ospea / talde batek erabaki zenuten aldaraztea / batera gertatu ziren zuek lanean hastea / eta gazteek pilotan gozatuaz ikastea / goren mailara heldu da herriko talde gaztea / eta harro nahi genuke poza adieraztea / txapelek ekartzen dute janztea nahiz ez janztea / zuen lorpena izan da herri bat irabaztea”.
Berriz ere soziedadera
Finalak 26. Gazte festekin bat egin du aurten, eta haiek ere jarri dute alea. Toki-Alai pilotaleku zaharrean pintxo mordoa dituzte prest Donostiatik etorri direnei eskaintzeko. Tragoren bat edo beste hartuta, Gaztelu elkartean dute oraingoan ere afaria, Idiazabalgo, Altzoko, Andoaingo eta Bergarako taldekoekin afaldu duten soziedade berean. Oraingoan ez dituzte aurkariak mahaiaren ondoan, gertuko jendea baizik. Eta han ere azaldu diete esker ona elkartekoek detaile txiki baten bidez, eta baita etxekoek ere bertso bidez. Tenplutik atera, eta herriaren bukatu dute festa, herritarrekin.