Migrazioaren errealitateaz hausnartzeko erakusketa
‘Guztiok gara migratzaile’ ikusgai dago Zumalakarregin. Museoa eta San Andres herri eskolaren elkarlanaren emaitza da. Erakusketa pasa den astean ireki zuten eta uztailaren 17ra arte egongo da irekita.
Ikusgai dago jada, Guztiok gara migratzaile hezkuntza proiektuaren emaitza erakusketa formatuan, Zumalakarregi museoan. Museoak eta San Andres herri eskolak 2018tik elkarlanean osatzen duten proiektua da, «ikasleei migrazioaren kontzeptua hurbildu eta migratzaile izateak zer esan nahi duen ulertarazteko» helburuarekin. Pasa den astean egin zuten erakusketaren aurkezpen ekitaldia, eta datorren uztailaren 17ra arte egongo da ikusgai.
Ormaiztegi 1.200 biztanleko herria izanagatik, 25 jatorri ezberdinetako pertsonak bizi dira bertan; eta «populazioak, orokorrean, kultur aniztasun oso aberatsa duela» nabaria da. Errealitate hori ikustarazteko helburuarekin hasi ziren, hain zuzen, orain urte batzuk herriko gazteekin proiektu hau lantzen.
Ikasleentzako pizgarri
LH 6. mailako ikasleekin hainbat saio egin dituzte museoan, otsailean hasita. Ikasitakoa praktikara eraman behar izan dute gero, «ikasleak migrazio prozesua bizi izan duten pertsonei elkarrizketak egiten aritu dira», azaldu dute museotik. Eskolatik kanpoko dinamikak egiteko aukerak ikasleen artean «interesa pizten» duela diote museotik, «lehen pertsonako esperientziak ezagutzeak gertutasuna transmititzeaz gain, sentsibilizazio ariketa garrantzitsua» ere badirela azpimarratuz.
Urteroko moduan, proiektuaren prozesua osorik jaso dute erakusketarako. Egun hauetan ikusgai egongo den erakusketan lan prozesu guztia laburbiltzen duen ikus-entzunezko bat, proiektuaren erakusgarri diren hainbat panel eta ikasleek elkarrizketatutako pertsonen pieza ezberdinak jarri dituzte ikusgai.
2018-2019 ikasturtean ekin zioten Guztiok gara migratzaile egitasmoari. Pandemiaren ondorioz etena izan zuen, eta 2021ean ekin zioten berriz. Aurtengoa laugarren edizioa izan da.