Antiorekin kunplitu dute aurten ere zumarragarrek
Santa Isabel ospatzen ari dira Zumarragan, eta festa giroa Antion izango da goizetik iluntzera arte. Ohiko ezpata dantza egin dute Irrintzi taldeko dantzariek.
Bazterrak lokaztuta egon arren eta eguraldia lagun izango dutela oso ziur ez izan arren, zumarragarrek tinko eutsi diote Antiguako erromeriari Santa Isabel jaietako egun handian. Goizean hasi da festa, herritik Antioraino herritarrek, dantzariek eta txistulariek egindako erromeriarekin, eta jarraipena izan du elizan eta eliza ondoan.
Eliza barruan, ohiko ezpata-dantza egin dute Irrintzi taldeko kideek. Aurten, kapitainak Paula eta Elena Urteaga ahizpak, Nekane Martin eta Sara Bidarte izan dira, eta sokan , Nahia Alustiza, Joseba Arratibel, Iñaki Urteaga, Irati Etxeberria, Ane Esnal, Nahia Tubia, Adur Garmendia, Malen Larrañaga, Irati Marin eta Miren Hernandez joan dira. Iñaki Urteaga Paula eta Elenaren anaia da, Urteaga-Fernandez hiru anai-arrebak atera dira dantzan.
Ezpata dantzaren ondoren meza, ermita atariko dantza saioa eta kuadrilla eta familiarteko bazkariak egin dituzte, ermitaren inguruan prestatutako mahaietan. Bertsolariek eta trikitilariek alaitu dute bazkalaurreko giroa.
Ohi bezala, aurten ere jendetza igo da Antiora, eta goizean goizetik autobusak beteta igo dira herrigunetik.
Festa giroak ez du etenik izango arratsalde osoan, eta erromeriari amaiera emateko, Antioko ‘jaitsiera’ egingo dute. Herrigunean Alaitasuna errondailaren emanaldia izango dute zain.