«Olinpiar Jokoetako domina bat ekarri nahi dut Beasainera»
Beñat Turrientes Realeko erdilaria Espainiako futbol selekzioarekin bilduta dago Madrilen, Parisen jokatuko diren Olinpiar Jokoetara begira. Kontatu du «ilusio handia» egiten diola aukera hau izateak.
Olinpiar Jokoak jokatuko dira udan Parisen eta Beñat Turrientes (Beasain, 2002) Realeko erdilaria Espainiako futbol selekzioarekin han izateko hautagaietako bat da.
Non eman zenizkion lehen ostikoak baloiari?
Aita futbolaren munduari oso lotuta egon zen beti, eta hortik datorkit futbolerako grina. Nire lehen jostailuetako bat izan zen baloia, ia oinez hasi aurretik, hanka artean baloia nuen. Parkera ateratzen nintzenean, baloia nuen beti hanka artean.
Koskortu nintzenean, herriko futbol taldean ez zegoenez aukerarik 8-9 urte arte, Segurako Irriki Futbol Eskolan hasi nintzen. Bi-hiru urte egin nituen bertan. Eta adina bete nuenean, Beasaingo taldera egin nuen jauzia. Laugarren urtean alebin mailako taldean hasi nintzen, infantil mailan ondoren, eta orduan iritsi zitzaidan Realera joateko proposamena.
Nor izan zen zure erreferente nagusia txikitan?
Aita izan zen harra sartu zidana eta bera izan zen futbol kontuetan niretzat oso erreferente garrantzitsua. Futbol profesionalean, berriz, Xabi Alonso izan da erreferente handiena. Liverpoolen jokatzen zuenean batez ere. Aita ere Liverpool taldearen jarraitzaile sutsua zen, eta Alonsok bertan egin zuen ibilbidearen jarraipena egin dut. Iniesta, Luka Modric, Xabi Prieto,…
Xabi Alonso ezagutzeko eta berarekin lan egiteko aukera izan nuen, zortez, Sansen jokatzen nuenean. Bi urtez izan zen gurekin, eta oso esperientzia aberasgarria izan zen.
Joko antolatzaileak dira guztiak…
Txikitatik erakutsi nuen antolakuntzako posizioan jokatzeko ezaugarriak nituela. Ume-umetatik futboleko kontzeptuak oso barneratuta nituen, eta entrenatu nautenek jakin izan dute hori ikusten. Ni oso gustura aurkitzen naiz posizio horretan. Garrantzitsuena da futbola ondo ulertzea, pasea eman aurretik orientatuta egotea.
«Aita futbolaren munduari oso lotuta egon zen beti, eta hortik datorkit futbolerako grina»
Zer azpimarratuko zenuke orain arteko ibilbidean? Zeintzuk izan dira unerik gozoenak eta gazi-gozoak?
Realaren lehenengo deia jaso nuenean izan zen momentu oso gozoa. Hamaika urte nituen orduan. Sanserekin bigarren mailako igoera lortu genuenean; Realarekin debutatu nuenean Ligan, Champions-ean eta Europa League-n… Asko izan dira!
Gazi-gozoa, berriz, 2022-2023 denboraldian ez nituela nik nahi beste minutu izan. Urte zaila izan zen. Nik ilusio handia nuen, baina ez nituen nahi beste aukera izan. Azkeneko denboraldia, berriz, hobeto joan da. Uste dut demostratu dudala lehenengo mailan jokatzeko baliabideak ditudala. Momentu gozoa izaten ari da.
Ikasketa prozesuaren parte dira biak.
Beti diot, eliteko futbolean, burua dela oso garrantzitsua. Une gazi-gozoak direnean, hortxe mantendu behar da indarra. Batzuetan ez da erraza, baina bai, irakaskuntza prozesuaren parte da. Ni ahalegindu naiz beti, nigan konfiantza izaten uneoro, maila dudala uste baitut.
Beasainen zure karrerarekin oso pozik daude. Igartza Hotelean daude zure jarraitzaile sutsuenak. Nola jasotzen duzu haien babesa?
Umetatik harreman handia izan dut Igartza Hoteleko arduradunekin eta bertan elkartzen den jendearekin, familiaren gertukoak baitira, eta bai, indar asko ematen didate, nire egunerokoan. Nirekin poztu eta nirekin sufritzen dute, momentu txarrenetan hor daude animo hitzak esateko, ni hauspotzeko… pozgarria da, oso! Nahiz eta oraintxe ez naizen Beasainen bizi, nire jaioterria da. Harreman estua mantentzen dut, ahal dudan guztietan bertan naiz.
«Harreman estua mantentzen dut Beasainekin, ahal dudan guztietan nago bertan»
Iragan astean jakinarazi zuten Olinpiar Jokoetara bidean zaudela. Nola jaso zenuen albistea?
Poz handiarekin. Eliteko edozein kirolarirentzat, Olinpiar Jokoetan jokatzeko aukera izatea da zerbait oso garrantzitsua eta erakargarria. Momentuz, selekzioa osatzeko 22 jokalarien zerrenda probisionala iragarri da, eta nire izena hortxe egotea, kontuan izanda oso zaila dela, asko pozten nau. Lehen urratsa da. Eta uztailean zehar jakingo dugu zein izango den Parisen jokatuko duen hemezortzikoa.
Zer dute berezia Olinpiar Jokoek?
Mundu osoko atleta onenak elkartzen dituela. Nik ere bizi nahi dut esperientzia hori. Olinpiar Hirian haiekin elkarbizitzan egotea…oso esperientzia polita izan behar du!
Zerrenda ofiziala jakin arte, zer?
Orain arteko lerro berean jarraitzea. Normaltasunez hartu, burua lurrean mantendu eta egiten dakidana erakutsi, hori da nire helburua.
Nolakoak izango dira hurrengo egunak Madrilen selekzioarekin?
Aurre-denboraldiko lana izango da. Entrenamendu gogorrak izango dira, eta ehuneko ehun eta gehiago ematea komeni da. Nik hala egingo dut. Ilusioz beterik noa entrenatzailea konbentzitzeko.
«Mundu osoko atleta onenak elkartzen dituzte Olinpiar Jokoek. Nik ere bizi nahi dut esperientzia hori»
Nola zaude fisikoki? Liga maiatzean amaitu zen eta hilabete eskas pasa da…
Maiatz bukaeran liga amaitu eta Japoniara bidaiatu genuen lagun arteko bat jokatzeko, eta ekain hasieran hartu nituen oporrak. Bi aste izan ditut atsedena hartu eta indarrez hasteko berriz. Ekain erdialdean hasi nintzen berriro lanean, Orioko Zuegan zentroan, Andoni Eskalona prestatzaile fisiko beasaindarrarekin, beraz, indartsu nago Madrilgo lan saioetarako.
Olinpiar Jokoetako egutegia ezaguna da. Nola ikusten duzu lehen fasea?
Gure taldean daude Uzbekistan, Egipto eta Dominikar Errepublika. Ez dago talde errazik, zerbaitegatik daude hor, baina selekzioak txapelketa ona egiteko aukera handiak dituela ez dut zalantzarik.
Komunikabideei begiratuta behintzat, domina bat irabazteko faboritoen artean zaudete… Zuk zer deritzozu?
Domina bat irabaztea izango litzateke zerbait oso handia, eta bai, helburua, hori izan daiteke, baina oraindik oso goiz da ezer esateko. Hori baino lehenengo partidak irabazi behar dira zelaian. Ilusio guztiarekin noa ni. Olinpiar Jokoetako domina bat ekarri nahi dut Beasainera.