Bi proposamen dakartza Igartza zikloak aste honetarako
Gaur arratsaldean, Jel Trio eta Hutsan txalaparta taldearen kontzertua izango da. Hodeiertz, Oroith eta Loinatz abesbatzen txanda izango da jaian.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/07/loinatz-abesbatza-1200x800.jpg)
Igartza musika zikloaren bigarren sei-hilabetekoari hasiera emango diote aste honetan. Bi emanaldi izango dira.
Gaur, Erauskin plazan, 20:00etan hasita izango da Hutsun txalaparta taldearen eta Jel Trioren kontzertua. Estilo, sonoritate eta bide musikal berriak esploratzeko jakin-minetik sortu zen proiektu «berritzaile» hau. Euren ardatza da jazza, tangoa eta euskal musika tradizionala fusionatzea. Javier Lopez Jaso (akordeoia), Marcelo Escriche (kontrabaxua) eta Juanma Urriza (bateria) dira Jel Trio; Mikel Urrutia eta Anai Gambra Uriz, berriz, Hutsun txalaparta taldea.
Maurice Durufle
Bigarren proposamena, Hodeiertz, Oroith eta Loinatz abesbatzen kontzertua da. Maurice Durufle-ren requiem-a abestuko dute hiru taldeek batera. Oscar Rodriguez izango da organoan, Maria Izaga mezzo-sopranoa, Julen Garcia baritonoa eta Enrike Azurzak egingo ditu zuzendari lanak.
Hodeiertz abesbatzako zuzendaria den Enrike Azurzak bultzatutako proiektua da. Durufleren musika maisua izan zen Gabriel Faure-ren Cantique de Jean Racine, eta Cesar Frank konpositorearen bigarren korala si minorrean ere abestuko dituzte.
Kontzertu honetarako sarrerak, emanaldia baino ordubete lehenago salgai jarriko dira bost euroan.