Lazkaotarrek 110 proposamen aurkeztu dituzte aurrekontu parte-hartzaileetarako
Ebaluazio teknikoaren ondoren, mahai politiko-teknikoak bereiziko ditu aukeraketarako ideiak. Irailean bozkatuko dute herritarrek zein egitasmo garatuko diren 2025ean.
Lazkaoko udal aurrekontu parte-hartzaileetan herritarrek eman dituzte ideiak. Parte-hartze «handia» izan dela azaldu du udalak. Guztira, 110 proposamen jaso ditu lazkaotarren aldetik: 51 Internet bidez bidaliak eta 59 aurrez aurre udaletxera eramanda. Ekainaren 28an agortu zen epea, baina fase gehiago izango ditu kanpainak, baita herritarrek berriz parte hartu beharrekoak ere.
Bakoitzaren nahien eta interesen arabera, mota askotako ideiak eta proposamenak egin dituzte lazkaotarrek: irakurtzeko liburuak partekatzeko etxetola jartzetik hasi, mantentze lanekin jarraitu, edo sakontasun handiagoko obra zein proiektuetaraino. Arloka banatuko dituzte orain guztiak. Proposamenen ebaluazioa udal teknikariek egingo dute, eta Aurrekontu Parte-hartzaileen Mahaiak gainbegiratuko du. Mahaia udal idazkariak, kontu-hartzaileak, EAJko bi zinegotzik eta EH Bilduko zinegotzi batek osatuko dute.
Aukeraketa irailean
Jasotako ideiak galbahetu ondoren, irailean izango da bigarren fasea. Mahaiak oniritzia emandako proposamenen artetik aukeraketa zehatzagoa egiteko fasea irailaren 9tik 27ra izango da. «Epe horretan lazkaotarrek nahi dituzten proiektuen alde bozkatzeko aukera izango dute. Uztaila eta abuztua bitartean egingo den ebaluazio tekniko baten ondoren, bozketa-prozesuaren datak doitu daitezke, jasotako proposamenen arabera», aurreratu du udalak.
Azken helburua, 2025. urteko udal aurrekontuko 200.000 euro aukeratutako proiektuak gauzatzeko edo garatzeko erabiltzea da. Aurreneko egitekoa burututa, udalak eskerrak eman dizkie «herria hobetzeko konpromisoa eta dedikazioa erakutsiz» prozesuan parte hartu dutenei. «Parte-hartze handiak agerian uzten du lazkaotarrek interesa eta inplikazioa dutela udalerriari eragiten dioten erabakiak hartzerako orduan».