Txistu doinuak astebururako
Zegamako Txistularien 2. Eguna egingo dute larunbatean. Gaur egungo eta garai bateko txistularien elkargune izango da. Egun osorako egitaraua antolatu dute.
Zegama txistulari herria da. Bertakoek diotenez, «bizi guztian» egon dira txistulariak Zegaman. Jai giroko ekintza guztien parte dira, ia tradizio bat bezala. Azken urteetan ordea, behera egin du txistularien kopuruak; baina tradizioak bizirik dirau, besteak beste, herriko hainbat txistulari ohi taldera batzen hasi direlako, tartean behin, herriko egun seinalatuetan jotzeko. Elkartasun horri ikusgarritasuna emateko antolatu zuten iaz Zegamako 1. Txistulari Eguna. Aurten, bigarrenez egingo dute, larunbatean, egun osoko egitaraua antolatuta.
Gutxienez, 1936ko gerra aurreko garaira egin behar da atzera, Zegaman txistularien lehen zantzuak aurkitzeko. Izaskun Igoa txistulari taldeko kideak azaldu duenez, ez dago datu ofizialik inon gordeta, baina «herritar askoren oroitzapenetatik eta testigantzetatik» jaso dutenaren arabera, ba omen zen Joxe Elizondo izenez ezagutzen zuten udaletxeko langile bat garai hartan Zegaman. «Esaten denez, hainbat herritarri musika eta txistua irakasten ibiltzen zen garai hartan», kontatu du. Gerra garaian, klaseak bertan behera uztera behartu zuten, baina behin gerra amaituta berriz ekin zien, «herritarrek hala eskatuta». Ordurako taldetxo bat sortua zen, eta igandero emanaldi bat egiten zutela kontatu dute garai hura bizi izan zutenek.
«Esaten denez, hainbat herritarri musika eta txistua irakasten ibiltzen zen garai hartan Joxe Elizondo izenez ezagutzen zuten udaletxeko langile bat»
Izaskun Igoa. Zegamako txistularia
Jabier Otaegik hartu zion erreleboa Elizondori, «orain 35 bat urte, gutxi gora behera». Orduan, igandetako emanaldiak egiteari utzi zioten, baina, egun berezi guztietan presentzia hartuz joan ziren, gaur egunera arte. «Sanbartolometan, sanmartzialetan, sanjoanetan, erregeen zamalkadan, jaunartzeetan… jotzen dugu. Arantzazuko erromesaldia ere ekintza garrantzitsua da guretzat», zerrendatu du Igoak.
Errelebo falta
Herri mailan txistulari «dezente» dagoela dio Igoak, baina taldean aktiboan dabiltzan txistulariak gero eta gutxiago dira. Errelebo falta ere deigarria da, «ikasle berriek ez dute txistua ikasten», dio. Txistularien eguna jai egun bat izateaz gain, belaunaldi berrientzako erreklamo izatea ere nahi dute, «ea bosgarren txistulari eguna edo, fruituak ematen hasten dio», dio erdi broman.
Larunbatean goizeresiarekin emango diote hasiera egunari, 11:00etan. Gaur egun taldean dauden hamar bat txistularik parte hartuko dute bertan. Ondoren, kalejira egingo dute herriko kaleetan zehar, 12:00etatik aurrera , «orduan bai, nahi duena etorri daiteke txistua jotzera. Momentuz, 28k eman dugu izena», dio Igoak. Eguerdian, udaletxeko arkupetan taldeko argazkia egingo dute eta ondoren, bazkaria plazan: «Taldeko kide batek paella prestatuko digu». Bazkalondoren, inprobisazioak eta «musikak ekartzen duenak» aginduko du, kalejiraren bat ere ez dute baztertzen. Izan ere, Igoak aurreratu duenez, «txistulari ohi bati txistu bat uzten diozun momentutik, musikarik ez da falta izaten».