Maximo Aierbe hil da, Ataungo musikaren harmonizatzailea
Atzo hil zen, 74 urterekin. 'Ataungo kanta zaharrak' liburua idatzi zuen 2003an, ondare musikala berreskuratu eta argia emateko. Iaz, 'Domuit vascones' obra estreinatu zuen Ataunen.
Maximo Aierbe Muxika ataundarra atzo hil zen, 74 urterekin. Ataungo herri musikaren zaintzaile, berreskuratzaile eta lanketagile saiatua izan zen. Minbizi baten ondorioz, atzo eman zuen azken arnasa. Gaur 18:00etan egingo diote azken agurra, Beasaingo Goierri beilatokian.
San Gregorio auzoan jaioa 1950ean, txikitatik besarkatu zuen musika. Auzoan apaiz zegoen Don Manuel zaldibiarrarekin ikasi zuen solfeoa. Donostiako Musika Kontserbatorioan gitarra ikasketak egin zituen gaztetan. Kartzelan egon zenean –1978ko urtarrilean Iruñean atxilotu zuten–, bere kabuz sakondu zuen musikan, batik bat harmonia landuta. Saldiasek bidalitako harmonizazio liburuekin menperatu zuen musika garatzeko eta edertzeko artea.
Ataungo herri musikarekin beti kezkatu izan zen. Ataungo kanta zaharrak liburua idatzi zuen, eta udalak 2003an argitaratu zion, Joxemartin Apalategi zenaren hitzaurrearekin. “Bilduma honetako kanta gehienak erabat galduta ditugu usadioari dagokionez, eta behin betirako desagertzeko arrisku bizia dute, baldin eta idatzita jartzen ez badira. Gogoeta honek bultzatu ninduen duela bost-sei bat urte kanta horiek biltzeko lanari ekitera”, idatzi zuen Maximo Aierbek berak RSBAPen Egan aldizkarian, 2005ean. Musikak arduratzen zuen, hitzak ez bezala –idatzirik zeudelako haiek–, ahazteko eta galtzeko zorian ikusten zituelako. Musika-gaitasunak baliatuz, papereratu eta betikotu egin ditu Aierbek.
Sortzailea ere izan da. Domuit vascones lana duela urtebete estreinatu zuen, aspaldi idatzita eduki arren –2013ko urtarrilerako bukatuta zeukan–, Ataungo San Martin elizan. Goi mailako musikari eta orkestrazioak lagunduta, euskaldunen biziraupenari egindako alegoria eta eskaintza jendaurrean erakutsi ahal izan zuen, azkenean. Egunkari honi eskainitako elkarrizketan xehatu zuen Aierbek urtetako ametsaren egikaritzea. “Nire nahia euskal kantua da. Ez Dok Amairutik hasita, 1960ko hamarkadatik honako altxor bat badaukagu, eta hori landu nahi dut”, aitortu zuen.
Eate abesbatzaren arimetako bat ere bazen, Dionisio Etxeberriarekin batera. 1994an eratu zuten herriko korua, eta oraintsu arte Aierbek zuzendu du. Hain zuzen, Aia auzoko jaietan, duela astebete omenaldia egin zioten korukideek Maximo Aierberi. Auzoan eman zuten kantaldia baliatuz, ekainaren 30ean, igande eguerdian, zuzendariari aitortza eta eskertza egin zioten Eatekoek. Hunkituta eta txundituta jaso zuen azken errekonozimendua.
RSBAP-Egan 2005 Maximo Aierbe Ataungo kanta zaharrak
Ataun Aian, ekainaren 30ean EATE abesbatzak bere zuzendari Maximo Aierberi egindako omenaldiko argazkiak: