Oria ibaia garbitzeko herritarren laguntza eskatu du udalak
Asteazken arratsaldean izango da eta bi orduz arituko dira garbiketa egiten.
Oria ibaian dagoen zaborra biltzeko deialdia egin du Beasaingo Udalak. Herritar guztientzat irekia da deia. Etzi, asteazkena, arratsaldean egingo dituzte garbiketa lanak. 17:00etan elkartuko dira, Igartza Monumentu Multzoan, eta bi orduz egingo dute zabor bilketa. Udalaren helburu nagusia da, biodibertsitatearen kontserbazio egoera hobetzea, eta ekintza hau herritarren parte hartzearekin egitea, sentsibilizazioa sustatzeko.
Antolaketa egokia burutu ahal izateko eta garbiketa lanak baldintza egokietan egiteko, parte hartu nahi duen orok izena eman beharko du. Parte hartzeko, eraman beharrekoak: Ibaian sartzeko oinetako egokiak eta arropa erosoa. Eskularruak udalak hornituko ditu.