Bizikleta irteera eta bazkaria, Elkartu Nahiren 7. Egunerako
Larunbat honetan ospatuko dute elkartearen eguna. Dagoeneko 25 bat txirrindularik eman dute parte hartzeko izena.
Elkartu Nahi Txirrindulari elkarteak 7. Elkartu Nahi Eguna antolatu du larunbat honetarako. Herriko bizikleta zaleak elkartu eta eguna kirol eta jai giroan pasatzeko aitzakia izaten da ekimena. Oier Irastorza elkarteko kideak aurreratu duenez, dagoeneko 25 bat pertsonek emana dute parte hartzeko izena. Beste urteetan baino «zertxobait gehiagok».
Egunari irteera batekin (9:00) emango diote hasiera. 68 kilometroko ibilbidea prestatu dute: «Zegama-Ataun- Lizarrusti-Etxarri Aranatz (Nafarroa)-Altsasu (Nafarroa)-Zegama» bidea osatuz. Lizarrustin hamaiketakoa egingo dute eta Ostatun bazkaria 14:30ean.
Hainbat ekintza antolatzen dituzte. Hurrenak, afizionatuen Lehendakari txapelketako San Bartolome Saria, abuztuaren 31n eta San Silvestre lasterketa herrikoia, urteko azken egunean.