Bizikletak aparkatzeko bost gune berri ditu Beasainek
Txindoki institutura bidean eta Nafarroa etorbidean kokatu dituzte bizikletentzako aparkaleku berriak. Mugikortasun jasangarriaren alde, bizikletaren erabilera indartu nahi du Beasaingo Udalak.
Beasaingo Udalak bizikletak aparkatzeko bost gune berri ipini ditu. Aurretik zeudenei, beraz, kokapen berri hauek gehitu behar zaizkie. Aparkalekuen gabezia non zegoen atzeman ondoren, identifikatutako hutsuneak betetzeko helburuarekin aukeratu dira kokaleku berriak.
Txindoki institutura doan errepide ondoan ipini dute horietako bat. Ikastetxera joaten diren ikasle ugarik erabiltzen dute garraiobide hori, eta orain arte gertatzen ziren pilaketak ekiditeko, beste 20 bizikleta uzteko aukera izango da hemendik aurrera.
Nafarroa etorbidean kokatu dituzte beste lau aparkaleku berriak. Etorbide luze horretako 1, 10, 13, eta 20 zenbakien parean kokatu dira, hain zuzen ere.
Tren geltokiaren atarian, San Martin plazan, Zaldizurretan, Iturralde plazan, eta Zapatari kalean ere badaude bizikletak aparkatzeko guneak, besteak beste.
Mugikortasun jasangarria
Bizikletak aparkatzeko gune berri hauekin, «mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua» berretsi du Beasaingo Udalak. Motordun ibilgailuaren ordez, «bizikletaren erabilera sustatu» nahi du, eta herritarrek ere garraiobide hori lehenesteko «ekimenak gauzatzen jarraitzeko konpromisoa» erakutsi nahi du horrela.
Hiri Mugikortasun Jasangarriaren planaren baitan, egunetik egunera, herritarrentzako udalerri «erosoago, atseginago eta euren beharrak erantzuten dituzten diseinuen alde» egingo dutela nabarmendu dute. Bide horretan, bizikletaren erabilera «errazteko eta handitzeko» esku hartze hau egin du azken asteetan.
Osasunaren alde
«Hiriei arnasa emateko, kutsadura murriztuz eta mugikortasun jasangarria bultzatzeko modu berri horretan, bizikletak funtsezko rola jokatzen du garraio publikoaren alternatiba gisa. Alabaina, garraiobide honen onurak gure ingurumena babesteko duen zereginetik haratago doaz; osasuna hobetzen ere lagunduko dute», diote Udaletik.
Hala, Beasaingo Udalaren ustez asko dira garraiobide honen alde indarra egiteko arrazoiak eta horren aldeko sentsibilizazioa sustatzen jarraituko du herritarren artean: «Pertsonen osasuna, hiri garbiagoak eta trafiko gutxiago dakar bizikletaren erabilerak, horregatik, mugikortasun jasangarria geroz eta handiagoa da hirietan».
Aurrerantzean ere, bizikleten aparkalekuetan sortzen diren beharrak ezagutzen jarraitzeko konpromisoa hartu du Udalak, non eta zenbat gehiago jarri behar diren identifikatzeko.
Bestalde, gogoratu dute, bidegorri sareari dagokionean ere lanean jarraituko dutela. Momentu honetan dagoen Bidegorri sarearekin, Ormaiztegira, Lazkaora eta Ordiziara joan daiteke bizikletaz.