Burdinaren historian murgiltzeko, ihes gela bat
Uztailerako eskaintza berezia egin du Lenbur Fundazioak, ihes gelaren formatua duen Burdin Majikoa jarduera. Euskal Burdinaren Museoan dago.
Burdin Majikoa Legazpiko Euskal Burdinaren Museoan kokatuta dagoen ihes gela da, eta modu jostagarrian burdinaren historian murgiltzeko aukera paregabea da. Lenbur Fundazioak eskaintzen duen jardueretako bat da, eta uztaileko agendaren barruan sartu du. Izan ere, udak ere ikasteko baitira.
Ihes gela ezagunagoa da ingelesezko scape room deiturarekin. Areto itxi batean taldeka egiten den jokoa da. Taldeek denbora jakin bat izaten dute aretoko irteera aurkitzeko, eta horretarako enigmak edo buruhausteak erantzun edo asmatu beharko dituzte. Gai zehatz baten inguruan antolatzen dira, eta Legazpikoak burdinaren historia du oinarrian, horren ikasketan laguntzeko. Goierrin dagoen ihes gela bakarra da.
Gazte eta helduentzat
Burdinaren Euskal Museoak ikasle talde ugariren bisitak izaten ditu, eta horien arreta erakartzea geroz eta gehiago kostatzen dela dio Lenburreko teknikari Olatz Condek. «Gaztetxoekin ez da nahikoa azalpenak ematea, ekintza edo mugimendua eskatzen duen zerbait eskaini behar diezu arreta hori mantentzeko». Ihes gelarekin lortu dute, «jolasa, aktibitate fisikoa, burua haustea, talde lana eta taldeen arteko lehia uztartuta».
Baina Lenburren ihes gelak berezitasun batzuk ditu, «ez da ihes gela bat zentzu hertsi-hertsian hartuta». Ohi baino espazio handiagoan dago kokatuta, eta ohi baino talde handiagok dute parte hartzeko aukera, baina «funtzionamendua oso-oso antzekoa» da.
Burdin Majikoak denetako probak gainditzea eskatzen die taldeei, guztiak burdinaren historiarekin zerikusia dutenak. «Meategien funtzionamendua, formula kimikoak, etnografia kontuak, historia hutsa, fisika, matematika… gai askoren inguruan duten ezagutza erakutsi beharko dute, eta batez ere intuizioa».
«Ihes gelarekin jolasa, aktibitate fisikoa, burua haustea, talde lana eta taldeen arteko lehia uztartzea lortu dugu»
Olatz Conde. Lenburreko teknikaria
Adin guztietako jendeari zuzenduta dago, baina batez ere gazteei eta helduei, «gutxieneko jakintza maila bat behar da». Ume txikiak dituzten familientzat ere egokia da, «guztien ekarpenek lagundu dezaketelako probak gainditzen eta irteera aurkitzen». Eta urteko edozein garairako egokia da, gainera, «aterpean dago, eta euria egiten duenerako oso ondo dago, baita eguzkiak berotzen duenerako ere».
Burdin Majikoa urte osoan dago zabalik, aurretik hitzordua eskatuta, baina Lenburrek igande honetarako egin du eskaintza espresuki. Bi txanda eskaini ditu, bat 11:30ean eta bestea 12:30ean.
Uztailean jarduera gehiago
Lenbur Fundazioak proposamen gehiago egin ditu uztailerako, eta Legazpira hurbiltzen direnek Mirandaolako burdinola martxan ikusteko eta Bizimoduak jardueran parte hartzeko aukera izango dute. Txillida Lantokia bisitatzeko aukera ere izango da.
Burdinola martxan ikustea burdina XVI. mendean nola egiten zuten bertatik-bertara ezagutzea da. Igande honetan, hilak 14, eta hilaren 28an jarriko dute martxan, 11:00etan eta 12:30ean, eta ezinbestekoa da erreserbatzea. Bisitaren prezioa 7,5 eurokoa da helduentzat eta 5 eurokoa haurrentzat, eta sartuta dago ‘ola pintxoa’.
Bizimoduak, bestalde, Ezkioko Igartubeiti baserriarekin elkarlanean antolatu du Lenburrek. Igartubeiti baserria eta antzinako baserritarren bizimodua ezagutzeaz gain, Legazpin aiton- amonen eskola eta etxebizitza ikusteko aukera izango da hilaren 21ean, 11:00etan eta 14:00etan.
Txillida Lantokiko bisita, berriz, hilaren 28an da, 11:00etan.
Jarduera horietakoren batean parte hartzeko mirandaola@lenbur.com helbidera idatzi behar da, edo 943 73 04 28 zenbakira deitu