Iduzkilore taldea ‘Ihesi’ antzezlanarekin Lazkaora itzuliko da bihar, Arerian
Bi emakumeren ihesaldi intimoa kontatzen du antzerkiak. Talde lapurtarraren bosgarren ikusgarria da; Arerian 19:00etan da.
Iduzkilore antzerki talde lapurtarrak Ihesi lana ekarriko du, bihar, Lazkaora. Urtarrilean Azkainen (Lapurdi) estreinatu ondoren, otsailean Seguran ere egin zuten, eta bigarren aukera izango da Goierrin ikusteko. Maizpide euskaltegiaren Udako Ikastaroetako egitarauan antolatu dute emanaldia. Areria aretoan, bihar 19:00etan hasiko da.
Aurrez elkar ezagutzen ez duten bi emakumeren ihesaldia kontatzen du lanak: «Emazte izateari buruz duzu, abentura intimo bat», dio Maika Etxekopar zuzendariak. Bide bazterrean egin dute topo, bakoitza zerbaitengatik ihesi. Mundua norberak bere ikuspuntutik interpretatzen du, eta iritzien talka bortitza suertatuko da. Baina zerbaitek elkartu ditu, eta bide zati bat elkarrekin egingo dute.
Taldeko bi aktore emakumezko dira antzezle: Bernardette Iratzoki eta Maider Beheran. Maika Etxekopar da zuzendaria, Ainhoa Elizondo musikaria eta Alban Fagoago soinu teknikaria.
Goierrin 2010etik
Senpereko eta inguruko herrietako (Lapurdi) lagunek osatzen dute Iduzkilore antzerki talde amateurra. 2010ean sortu zuten, Iduzkilore izeneko lanean 1609ko De Lancre inkisidorearen emakume-ehiza irudikatzeko. Lazkaon egin zuten antzerki hura ere, 2010eko irailean. Baita 2014an Hazparneko anderea ere. Xabier Mendiguren beasaindarrak idatzitako Telesforo ez da Bogart obrarekin Seguran izan ziren 2017an, eta Herriko bozak Zaldibiara eraman zuten 2020an.